Gau Beltzaren ospakizuna gauzatuko da ostiral honetan Urnietan Salestarrak-Magale ikastetxeak antolatuta.
Parte-hartzaileek Etxeberri plazatik abiatuko dira 18.30ean, eta ondoren, San Joan plazan hainbat jarduera gauzatuko dira: suaren erritua, gaztain jatea, txokolatada eta ziria ala saria.
Orotara 200 ikasle inguruk aktiboki parte hartuko dute ikuskizun ezberdinetan eta dena ondo atera dadin lanean ariko dira 30 lagun inguru. Hori guztia bertaratzen den orok iluntze “paregabea” pasa dezan.
Salestarrak-Magale ikastetxetik aditzera eman dutenez, ikasleen lanak protagonismo berezia hartuko du ekitaldian: "Horretarako, gau horretan ohikoak ziren jantziak eramateaz gain, dantza emanaldiak, saria-ziria, beldurraren tunela, danborrarekin ikuskizunak, suaren inguruko erritoa eta abar izango dira. Gelan gogoz eta ilusioz entseatzen ari direnak guztiak".
Era berean, berrikuntza moduan aurten beldurrezko ipuinak sortu eta grabatu dituzte ikasle batzuekin; hemen adibide bat:
Beldurraren tunela
Aurtengo festak protagonista erraldoi bat izango du; Arimazar pertsonaia sortu baitute festari irudia eta nortasuna finkatzeko asmoz. Tamaina erraldoian egindako txorimaloa izango da Arimazar. Era berean, urtero arrakasta handia izaten duen beldurraren tunelaren tamaina bikoiztu egin dute ikastetxeko Mantentzeko Elektromekanikoko ikasleek egindako lanari esker eta hamar metroko pasabidea izan beharrean, hogei metrokoa izango da.
Ekintza horiek garatzeko, ondorengo kaleak itxita egongo dira 18.00etatik 21.00etara bitartean gutxi gorabehera: Etxeberri plazako biribilgunetik San Joan plazara bitarteko errepidea eta Maximo Yurramendiko errepidea.
Bestalde, Kantazaun taldeak kantu kalejira bat egin ohi du hilabete bakoitzeko azken ostiralean euskal kantutegia oinarri hartuta.
Hilabete honetako hitzordua ostiral honetan, urriaren 31n izango da, 19.00etan, San Joan plazan hasita.