Síguenos en redes sociales:

Aginagako Arrate ostatua urriaren 31n zabalduko da

Usurbilgo Udalak eta herri kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatuko dute

Aginagako Arrate ostatua urriaren 31n zabalduko daN.G.

Ostiralean, urriaren 31n, 18.00etan, Agina auzoko Arrate ostatua inauguratuko dute, udal brigadak udan egindako lanak amaituta. Inaugurazio honekin batera, UsurbilgoUdalak eta Aginagako herri kooperatibak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatuko dute.

Gogorazi dutenez, Udalak Aginaga biziberritzeko irabazi asmorik gabeko proiektu komunitario bat abiatzeko deialdia egin zuen ekainean, eta proposamenak aurkezteko epean bat jaso zuen, hain zuzen ere, Aginagako herri kooperatibak aurkeztutakoa. 

Hitzarmenean jaso dutenez, Udalak Aginagan dituen bi ekipamendu lagako dizkio herri kooperatibari: Eliza Zaharra eta Arrate ostatua. Herri kooperatibak, bere proposamenean, ekipamendu bakoitzerako planteamendua egin du. 

Arrate ostatua: taberna eta jantokia

Honenbestez, Arratek ostatu izaera izango du, aurrerantzean: taberna, denda eta jantoki komunitarioa izango ditu. Izan ere, taberna ez ezik, kooperatibak jantoki komunitario bat ezartzeko asmoa du, eskola txikiko haurrentzat ez ezik, gainerako herritarrentzat ere irekia izango dena, zaintzaren ikuspegitik egin dezakeen ekarpena mahai gainean jarriz. 

Kasu honetan, sukaldari bat eta tabernari-dendari postuak sortuko dituzte. Usurbilgo zein Euskal Herriko elikagaiak oinarri izango dituen denda bat ere jarriko dute, espazio berean, posible den heinean, ekoizleekin zuzeneko hartu-emanaren bidez.

Eliza Zaharrean, kultur programazioa

Bestalde, Eliza Zaharrari dagokionez, urteetako lanketan urrats bat gehiago egin, eta Aginagako kultur mahaia eratu, dinamizatu eta kudeatzeko asmoa adierazi du kooperatibak. Bertako eragileen ekintza eta saioak antolatzeaz gain, kanpotik jasotako proposamenak garatzeko baliabideak ere eskainiko dituzte. Orain, udal brigadak Eliza Zaharreko fatxadan jardungo du, ur filtrazioak konpontzeko.

Kultur programazioaz arduratuko den dinamizatzaile bat kontratatuko dute, urteko kultur programazioaz, material teknikoa zaindu eta prestatzeaz eta dirulaguntzak kudeatzeaz ardura dadin, besteak beste.

Udaletik aditzera eman dutenez, hitzarmena 2025eko azaroaren 1ean sartuko da indarrean, lau urterako, 2029ko urri amaierara arte. Bi aldeek hala adosten badute, beste lau urtez luzagarria izango da. 

Aldi horretan Udalak egingo duen ekarpen ekonomikoa ere jaso da hitzarmenean: 6.353,45 euro 2025ean (azaroa eta abendua), 66.324,70na euro 2026an, 2027an eta 2028an, eta 59.437,25 euro 2029an (urtarriletik urrira). Guztira, ia 265.000 euro, lau urteetarako.

Aginagako erronkak

Aginagan 460 biztanle inguru bizi dira. Euskal Herriko landa-eremu askok bizi duten bilakaera antzekoa bizi du Aginagak ere.

Izan ere, azken urteetan, hainbat erronka izan ditu: belaunaldi berrientzako etxebizitza falta eta enplegu aukera urritasuna, tokiko zerbitzuen murrizketa eta komunitate harremanen ahultzea. Aginagatarrak egoera aztertzen aritu dira azken urteetan: oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta, garraio publiko eta komunikazio eskasa eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta.

Egoera hau iraultzeko, herri kooperatiba sortu eta proiektu komunitarioa bultzatzea erabaki zen.