Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astea aurkeztu dute
Atapuercako aztarnategiko zuzendarietako batek. Eudald Carbonell-ek, Urretxu bisitatuko du
Larunbatean Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 37. edizioa hasiko da, Karrantzara egingo duten txangoarekin. Gainontzeko ekitaldiak astelehenetik aurrera izango dira. Eudald Carbonell adituaren bisita eta dinosauroen erakusketa dira deigarrienak.
Larunbatean Karrantzako Pozalagua kobazulora eta El Karpin parke ekologikora joango dira. Pozalaguan estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena dago. Eszentrikoak, grabitate legeei aurre eginez, edozein norabidetan hazten diren estalaktitak dira. El Karpin, berriz, basoko animaliak hartzeko zentroa da. Parte hartu nahi dutenek urrelur@urretxu.eus helbide elektronikora mezua bidali behar dute.
Astelehenetik aurrera doako bisita gidatuak izango dira mineralen eta fosilen museoan. Museoko ateak egunero irekiko dira: astelehenetik ostegunera 17.00etatik 20.00etara eta ostiralean, larunbatean eta igandean 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Bisitaldi gidatuei dagokienez, doanekoak izango dira: datorren asteko ostiralean, larunbatean eta igandean, 11.30ean, 17.00etan eta 18.00etan.
Udaletxeko portaloian erakusketa irekiko da, museoaren ordutegi berean, astelehenetik aurrera. Bertan, Alberto Fernandez zumarragarrak egindako dinosauroak, Molina de Aragon herriko zientzia museoak utzitako monosauroen fosilak eta Javier Aguadoren bildumako aleak ikusi ahal izango dira.
Asteazkenean Alfonso Par zuzendariaren Des-extincion dokumentala emango dute Urretxuko Labeaga aretoan. Emanaldia 20.00etan hasiko da. Dokumental horretan desagertutako espezieak berpizteari buruzko aukerez hitz egiten da. Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute. Ekitaldian Eudald Carbonell-ek parte hartuko du. Carbonell Atapuercako aztarnategiko zuzendarietako bat izan da.
Azaroaren 1ean, larunbata, Pablo Marcos adituak mososauroei buruzko hitzaldia egingo du. 12.30ean izango da, kultur etxean. Ondoren, udaletxeko erakusketa bisitatuko dute. Marcosek mososauroei buruzko liburua idatzi du. Itsasoan bizi ziren narrastiak ziren.
Bukatzeko, azaroko lehen asteburuan mineral, fosil eta harribitxien azoka, mineralogia eta paleontologia parkea eta argazki lehiaketa izango dira. Azoka Ederrena pilotalekuan izango da. Ostiralean, larunbatean eta igandean irekiko dute, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Haurrentzako mineralogia eta paleontologia parkeari dagokionez, Iparragirre plazan izango da. Ordutegi berean irekiko dute. Bertan, haurrek aurrehistoriako gizakiek bezala margotzeko, urrea bilatzeko eta fosilak bilatzeko, meategi batean minerala bilatzeko eta dinosauro bihurtzeko aukera izango dute.
Asteburuko ekitaldiez gozatzera gerturatzen direnek argazki lehiaketa batean parte hartu ahal izango dute. Mineral eta fosilen argazkiak argazkielkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, azaroaren 5eko 14.00ak baino lehen. Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake, gehienez. Sariak azaroaren 21ean banatuko dira, 19.00etan, udaletxeko portaloian.