Urretxuk bere historiako aurrekontu handiena izango du
Udalak 17,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026rako, EAJ eta PSE-EEren ren aldeko botoekin
Urretxuko Udalak 17,5 milioiko aurrekontua onartu zuen osoko bilkuran, bere historiako handiena. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk aurka. Egitasmo nagusia Aldiri Bi kiroldegia izango da. Bost milioi euro gorde dituzte horretarako, baina erakundeen laguntza jasotzea espero dute.
Jon Luqui alkateak inbertsioen berri eman zuen. Aldiri Bi kiroldegiko obrak bi urte iraungo duela esan zuen. “Legealdi honetako egitasmo garrantzitsuena da. Atzeratu egin da, dirulaguntzak lortzen saia-tzen ari garelako”.
Gainontzeko egitasmoei dagokienez, udan Gainzabaleko etxebizitzak eraikitzen hasiko direla esan zuen eta obra hori Lilibaso eta igerilekua lotuko dituen errepide bat egiteko baliatuko dutela gehitu zuen. Errepide hori egiteko, 200.000 euro inbertituko dira.
Bestalde, Pagoeta gune soziokulturalean igogailua jarriko dute. Bi eskaileretako bat kenduko da igogailua jartzeko. Urte hasierarako prest egongo da. Horrekin eta egin diren gainontzeko lanekin, 800 lagunentzako aforoa bermatuko da. Hori aurtengo aurrekontuko diruarekin egingo da.
Horretaz gain, Mundo Mejor auzoan aparkaleku bat egingo da (300.000 euro) eta Lilibason eta Aparizio auzoetan zaharberritzeak egingo dira. Madaiako parkea berritzeko asmoa ere badago, baina aurrerago egingo da.
Baserrietako bideak ere konpontzen ari dira. 2026an Larreagakoa konponduko da eta 2027an Beaingoa. Horrekin, baserrietako bide guztiak konpondutzat emango dira.
Gizarte zerbitzuei dagokienez, Luquik inbertsioa mantenduko dela aipatu zuen. Eguneko zentroa handituko dute (aurtengo aurrekontuko diruarekin) eta jubilatuen egoitza Gazte Bidean dagoen tokira eramango da. Gazte Bidean, berriz, egun Aspace dagoen tokira joango da. Eguneko zentroak 60 plaza izango ditu. Obra azaroan hasiko da eta udaberrian amaitzea espero dute. “Gizarte zerbitzuetan, 347 euro inbertituko ditugu biztanleko. Gaztediari dagokionez, aurrekontua igotzen ari da. 2026an 210.000 eurokoa izango da”.
Alex Gonzalez Euskara batzordeburuak hiru egitasmoren berri eman zuen: erabileraren neurketa, Plan Estrategikoa eta hizkuntza portaera lantzeko egitasmoa.
Osoko bilkuran 2026ko ordenantza fiskalak ere onartu ziren. Zerga, tasa eta prezio publiko gehienak %2,8 igoko dira (abuztuko KPIan oinarrituta). Salbuespen nagusia urarena izango da: bere horretan mantenduko da. Zaborrari dagokionez, Sasietak %5,4ko igoera proposatu du, baina Urretxuko Udalak %2,8ko igoerarekin kostua ordaintzea bermatzen duenez, zaborraren tasa %2,8 igoko da.
EH Bilduko Julen Azpeitiak progresibitatearen aldeko apustua egin behar dela esan zuen. Ordenantza fiskalak EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu ziren. EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Bukatzeko, 362.000 euroko kreditu transferentzia bat ere onartu zen. 300.000 euro Mugitegiko pabiloi batean rokodromoa egiteko erabiliko dira. Aurrekontua 350.000 eurokoa izango da. Maiatzean edo ekainean inauguratzea espero dute.