Síguenos en redes sociales:

Erik JakaPilotaria

“Eskuratu ez ditudan txapelketak irabaztea gustatuko litzaidake"

“Eskuratu ez ditudan txapelketak irabaztea gustatuko litzaidake"Arnaitz Rubio

Erik Jaka pilotari lizartzarrak bere lehen urratsak nola eman zituen gogora ekartzen ditu elkarrizketa honetan. “Bitxia bada ere, nire amona Juanitarekin hasi nintzen. Txikitatik gogoratzen dut berarekin etxeko hormaren kontra jolasten nuela, gorribeltz koloreko pilota batekin. Betidanik gordetzen dudan oroitzapena da hori”, azaltzen du. Zaletasuna denborarekin handitzen eta sendotzen joan zela aitortzen du 31 urteko gazte honek. “Herriko eskolan hasi nintzen, eta kuadrillako lagunekin baita ere. Poliki-poliki pilotarekiko lotura gero eta estuagoa bihurtu zen”, dio. Hamabi urte bete ditu profesional bezala. 2013ko ekainean egin zuen debuta eta ibilbide honen balantze positiboa egiten du. Orain, Lau t’erdiko Txapelketan du jarrita begirada Baikoko pilotariak.

-Nor izan da zure inspirazioa pilotan?

-Ez dut eredu bakarra izan. Aimar Olaizola eta Irujo tokatu zitzaizkidan telebistako garaian, eta haiek izan ziren nire idoloak.

-Hamar urtetik gora daramatzazu profesionaletan. Zer balantze egiten duzu?

-Lehenik debutatzen dugunean pilotan ibiltzen garen gazte guztiok amets bat betetzen dugu, eta gero helburua pixkanaka hobetzen joatea izaten da. Bigarren mailako txapelketak irabazi ondoren, lehen mailara iristea zen erronka nagusia, eta hori bete nuen. Egunetik egunera, eta urtetik urtera pilotari osoagoa eta hobea izaten saiatu naiz. Hala ere, urte hauetan zehar baditut arantzatxo batzuk iltzatuta geratu zaizkidanak.

-Zeintzuk adibidez?

-Lehen mailan jokatu ditudan bi finalak pandemia garaian izan ziren: Buruz Buruko txapelketa (2020an irabazi zuen) eta Lau t’erdikoa. Nire ingurukoek ezin izan zuten bertan egon, eta hori pena handiz bizi izan nuen. Final bat irabaztea ez da egunero gertatzen, eta ezin partekatzea tristea izan zen.

-Nola definituko zenuke zure jokoa?

-Bai aurrelari, nire kasua den bezala, bai atzelari izan, horretarako abiadura, indarra eta erresistentzia beharrezkoak dira. Elikadura eta prestaketa fisikoa asko zaintzen ditut. Azkenean, pilotari batek atleta bat izan behar du.

-Eta estrategia aldetik?

-Jokalari bakoitzak bere estiloa du, bere gustura jokatzen du. Baina askotan aurkariak markatzen du nola jokatu. Ez da beti erraza aurreikustea zer egingo duen, eta, batzuetan, berak harrapatzen zaitu, edo alderantziz, zuk bera.

Jakari txikitatik piztu zitzaion pilotarekiko grina.

-Nola zaude fisikoki?

-2021ean perikarditisa izan nuen eta bi urte inguru kostatu zitzaidan nire mailara bueltatzea. Baina azkenaldian ondo nago, kantxan gozatzen ari naiz. Nire guztia ematen saiatzen naiz, eta jendeak hori baloratzen du.

-Zein da zure lehentasun nagusia orain?

-Lau t’erdiko txapelketa hasita dago eta aurten finalera iristea gustatuko litzaidake. Azken bi urteetan finalerdietan geratu naiz, baina aurtengoan urrats hori gainditu nahi dut.

"Azkenaldian ondo nago, kantxan gozatzen nabil. Nire guztia ematen saiatzen naiz"

-Nolakoa da gaur egungo pilotarien maila?

-Oso altua. Azken urteetan Jokin Altuna dominatzaile nagusia izan da, baina Pello Etxeberria, Unai Laso (lesionatuta dago)… ere hor daude. Gazteak oso indartsu datoz. Nik 31 urte ditut eta aurten San Mateo tornoa nirekin irabazi duen Martxel Iztuetak 21 urte ditu.

-Pilota zure ogibide eta pasioa da. Nola orekatzen duzu bizitza pertsonalarekin? 

-Urteekin ikasten den zerbait da hori. Nire lagunek, familiak eta emazteak beti ulertu dute pilotak nire bizitzan duen lekua.

-Denbora librean zer egitea gustatzen zaizu? 

-Nire ingurukoekin egotea atsegin dut. Mendira joaten naiz, Pirineoetara adibidez, deskonektatzeko. Bidaiatzea eta kultura berriak ezagutzea ere gustatzen zait. Egia da pilotarekin lotura sendoa dudala, baina aisialdirako ere tartea bilatzen dut. Hori bai, oporrak motzak dira (barre egiten du), baina dena ezinezkoa da.

"Nire lagunek, familiak eta emazteak beti ulertu dute pilotak nire bizitzan duen lekua"

-Amets bat.

-Berriz lehen mailako txapeldun izan nahi nuke, eta oraindik eskuratu ez ditudan txapelketak irabaztea, Lau t’erdikoa edo Binakakoa. --Halaber, ahal den neurrian, nire ibilbidea ahalik eta gehien luzatzea dut helburu.

-Hamar urte barru, non ikusten duzu zure burua?

-Galdera hori askotan egiten diot nire buruari, baina erantzutea ez da erraza. 41 urte izango ditut eta adin horrekin pilotari profesional gutxi daude. Pilotaren mundua asko aldatu da, eta, gainera, denborak aurrera egin ahala gorputzak ez du berdin erantzuten. Ez dakit zehazki non egongo naizen, baina kirol honi lotuta jarraitu nahi nuke. Hala ere, hori ez dago guztiz nire esku.

-Amaitzeko, zein aholku emango zenioke pilotari gazteei?

-Gozatzeko. Une onak baloratzen jakin dezatela, oso azkar pasatzen baitira. Errazagoa da une txarrak luzatzea; horregatik jakin behar da onak bizitzen.