Oiartzunek ongietorria emango die 366 bizilagun berriei
Harrera Asteak arrazakeria izango du aurten ardatz eta ekitaldiak ostegunean hasiko dira
Oiartzunekongietorria emango die igandean aurten herrira bizitzera etorritako 366 bizilagun berriei, inguruko herrietatik zein atzerritik. Denei herriko komunitatera ongietorria egiteko harrera saioa egingo dute, 11.30ean herriko plazan. Hortik Arizmendieneako lorategira abiatuko dira, ekitalditxoa eta hamaiketakoa egitera.
2015ean hasi ziren Udala eta Abaraxka ludoteka bizilagun berriei harrera egiteko ongietorri ekitaldia antolatzen eta aurten ere festa, musika eta jan-edana aitzakia hartuta elkar ezagutzeko saioa antolatu dute.
Iaztik, Harrera Astea antolatzen da
Oiartzungo Udaletik gogorazi dutenez, iaz lehen aldiz egitaraua zabaldu eta Harrera Astea antolatzen hasi ziren, eta aurten ere bide horri jarraipena emango diote. Gai nagusi gisa arrazakeriaren inguruko hausnarketa aukeratu dute, bizikidetza eta aniztasuna sendotzeko asmoz.
Olaia Lasak, Ongizate zinegotziak, nabarmendu duenez, “Oiartzun gero eta anitzagoa da, eta hori aukera paregabea da elkar ezagutzeko eta elkarrekin hazteko. Arrazakeriari buruz hitz egitea urrats positiboa da, guztion artean herri inklusiboagoa eraikitzeko”.
Azaldu duenez, udazken honetan egingo diren ekintzak urte osoko lan baten parte dira: “Gai honekin lotutako hainbat ekintza egin dira dagoeneko, eta aurrerantzean ere norabide horretan sakontzen jarraituko dugu”, gehitu du Lasak.
Egitaraua
Arestian aipatu bezala, ongietorria igandean izango bada ere, aurretik hasiko dute egitaraua.
Ostegunean, Landetxen 19.30ean zine saio bat izango da eta Los miserables pelikula proiektatuko dute.
Hurrengo egunean,18.30ean mahai-ingurua izango da Landetxen, Oiartzuarrak arrazistak al gara? izenburupean. Hizlariak Amelia Barquin, Amaia Jackson eta Nahikari Irastorza izango dira eta moderatzailea, Jon Martin. Sarrera eta amaiera Mirari Martiarena umoregileak gidatuko ditu.
Esan bezala, igandean, 11.30ean, herriko plazan, harrera saioa burutuko da.
Azkenik, azaroaren 15ean, goizean zehar Kontzejupean, Munduko Arrozen eguna ospatuko da.
Temas
Más en Bertan
-
El PNV de Hondarribia presenta sus propuestas al presupuesto de 2026
-
Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak bere urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko du 900 ikusleren aurrean
-
Las víctimas del franquismo de Astigarraga llegan a Estrasburgo
-
Hernani sorteará el martes las 61 viviendas tasadas de Florida