Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak bere urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko du 900 ikusleren aurrean
Gaur egungo dantzariekin batera, 55 urte hauetan taldean aritu direnek parte hartuko dute larunbateko jaialdian
Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz taldea dantzaz marraztutako bi ibilbide luze ari da gogora ekartzen: 55 eta 35 urte, hurrenez hurren. Ezinbestean, urteurrena dantzaren konpasean ospatuko da larunbat honetan egingo den ekitaldi nagusian. Egun esanguratsua izango da Uarkape pilotalekuarentzat ere, harmailak beteta egongo baitira, 900 ikuslerekin. Ospakizunak, tradizioaren eta belaunaldien arteko transmisioaren oinarria, emozioz eta mugimenduz jantziko du frontoia.
280 dantzarik parte hartuko dute. “Egungo, 170, sei eta 30 urte bitartekoak, eta azken 55 urteetan taldean aritutako beste 110 lagun izango dira. Tarte batzuetan belaunaldi desberdinak elkarrekin dantzan ikusteko aukera egongo da, eta beste batzuetan, aldiz, aktibo gaudenok dantza berezi batzuk egingo ditugu”, zehaztu dute taldekideek.
Otsailetik ari dira entseatzen. “Tradizio oso sakonetik abiatuko den ekitaldia izango da, poliki-poliki gaur egunera etorriz”, aurreratu dute antolatzaileek. Bi ordu, 18.00etatik 20.00etara, bizipenez eta oroitzapenez beteta. “Barrutik” kontatutakoak. “Kanpotik ikusten ez dena erakutsi nahi dugu. Saioak hainbat bloke izango ditu: hastapenak, bilakaera, oraingoa... Horietako bakoi-tzean dagozkion dantzak taularatuko ditugu “, adierazi dute.
Oso ezagunak diren piezak eskainiko dituzte, hala nola nesken esku-dantza edo kaskarot, baina koreografia berriak ere aurkeztuko dituzte, “sorkuntzatik eginak edo beste herri batzuetatik ikasiak”. Beraz, ikuskizun ikusgarria izango da, lurralde ezberdinetako dantzak, materialak eta jan-tziak erabiliko baitituzte.
Herriko beste talde batzuek inguratuta
Euskal dantzak izango dira protagonista nagusiak, baina ez dira bakarrik egongo. Herriko beste talde batzuek ere giroa borobiltzen lagunduko dute: Arrasateko Gaiteroak, Udalaxpe txistulari taldea, Ttakun Txalaparta Elkartea, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasate Musikaleko Banda, eta Erraldoi eta Kilikien konpartsa. “Sorpresak” ere izango dira, eta baita barre zein negar egiteko uneak ere.
Arrasate: una pasión a paso de dantza que se ha hecho grande
340 bat pertsona ariko dira oholtzan
Halako tamainako jaialdi bat prestatzea lan “gogorra” izan da. “340 bat pertsonak parte hartuko dute, eta horiekin batera, laguntzeko prest azaldu diren hainbat guraso ere. Hori guztia antolatzea eta kudeatzea ez da erraza izan. Bestalde, guretzako ere erronka izan da orain dela 15 urte egindako azken urteurren ekitaldi handi hari buelta bat ematea eta gaur egungo egoerara moldatzea. Berritasunak egotea nahi izan dugu, barne antolakuntza hobetu nahian eta, batez ere, ikusleari begira”, aipatu dute Txikitxu-Arrostaitzeko kideek.
'Sutan', 'Janzten', 'Ereiten', 'Oroitzen', 'Zeharkatzen' eta, oraingoa, 'Lotzen'. Urteurreneko ospakizunak kapituluka banatu dituzte. “Txikitxu-Arrostaitzek dakiena herriari erakustea eta parte-hartzea bultzatzea izan da guztien helburua. Euskal dantza talde baten parte izan diren horiei interesa sortu edo berpiztea, eta euskal dan-tzak inguratzen dituzten beste hainbeste elementu ezagutaraztea. Eta, azken batean, 55 urte hauetan Marga Mercaderrek, Eugenio Garciak eta haien ondorengoek egindako lana plazaratzea”, nabarmendu dute.
Ibilbidearen dokumentala
Ospakizunei 'Urratsak sendo, oinak arin' dokumentalaren estreinaldiarekin emango diete bukaera. Data urriaren 18ko ekitaldian jakinaraziko dute. Ikuskizunaren ondoren, afariarekin gozatzeko aukera izango du dantzari familiak.