Hondarribiko Udalak Gipuzkoao Foru Aldundiak sustatutako TREBA programaren bigarren edizioa jarriko du martxan. Honen helburua da gazteen, nerabeen eta familien gaitasun pertsonalak eta emozionalak lantzea, heldutasunerako bidean lagungarri izango diren tresnak eskainiz.

Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariaren hitzetan, “argi daukagu Gipuzkoako gazteen hezkuntzaren, garapen pertsonalaren eta autonomiaren alde egin behar dugun apustua. Ekimen hau martxan jarri zenetik, 400 hitzaldi inguru egin dira lurralde osoan zehar, 10etik 9ko batez besteko balorazioarekin. TREBA Nerabeak gehituta, programaren eragina handitu egiten da, eta prestakuntza hazkundearen funtsezko etapa guztietara iritsiko dela bermatzen da, adin-tarte bakoitzerako hizkuntza eta diskurtso egokiarekin”.

Palenciak azpimarratu du, gainera, programa arrakastatsua dela, eta “saioetako gaiak parte hartzen duten udalekin adostuta erabakitzen direla, herritarren intereseko irizpideetan oinarrituta”.

Bestalde, Lupe Queiruga Hondarribiko Gazteria eta Hezkuntzako zinegotziak, nabarmendu duenez, “Hondarribian gero eta interes handiagoa ikusten dugu gazteen eta familien ongizate emozionala lantzeko.TREBA programak aukera paregabea eskaintzen du hausnarketarako, komunikazioa eta enpatia sustatzeko, bai gazteen artean bai etxe barruan ere".

Familientzat eta gazteentzat saioak

Saioak publiko ezberdinei zuzenduta egongo dira: familiak eta nerabeak (Treba Gurasoak), eta gazteak (Treba Gazteak). “Gurasoek eta nerabeek emozioak kudeatzeko edo harreman osasuntsuak eraikitzeko dituzten erronkak ez dira beti errazak”, azaldu du Queirugak. “Horregatik, prestakuntza-saio hauek oso lagungarriak dira familian elkar ulertzeko eta gatazkak modu eraikitzailean kudeatzeko.”

Landuko diren gaien artean bullying-a, emozioen kudeaketa, autoezagutza eta osasun mentala izango dira hizpide. Saio guztiak euskaraz izango dira, baina Treba Gurasoak programako hitzaldietan aldibereko itzulpena eskainiko da gazteleraz, udalerriko familia guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Ekitaldiak Kultur Etxeko areto nagusian egingo dira.

Jardunaldi berezia

Aurtengo nobedade nagusienetako bat izango da urriaren 18an egingo den jardunaldi berezia, Treba Gazteak programaren barruan. Autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarriak jorratuko dira egun osoko tailer ireki eta doako honetan.

Bidasoaldeko eta inguruko herrietako 17 eta 24 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. 10.30etik 17.00etara egingo den jardunaldi praktikoa izango da. Bazkaria barne egongo da eta 18 leku daudenez, izena ematea derrigorrezkoa da Udalaren webgunean.

Beste saioak

Treba Gurasoak-eri dagokionez, urriaren 14an egingo da 'Gure emozioak kudeatzen, gure seme-alaben bidelagun izateko' saioa, eta 21ean 'Osasun mentala eta nerabeak'. Biak nerabe eta gazteen familientzako izango dira, Kultur Etxean (Denda kalea, 18) egingo dira, 17:30etik 19:00etara, eta euskaraz eskainiko dira, gaztelaniarako aldibereko itzulpenarekin. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Bukatzeko, nabermentzeko da Hondarribiko Gazteen Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren EMANTZIPA dirulaguntzari buruzko saio informatibo-praktikoa eskainiko duela urriaren 30ean, Kultur Etxeko lehen solairuan (103. gela). Bertan, Eusko Jaurlaritzako GAZ bulegoko teknikari batek laguntzaren xehetasunak azalduko ditu zuzenean.