Datorren larunbatean, urriaren 18an, Euskal Jaia ospatuko da Lasarte-Orian. Egun osoko ospakizuna izango da hamabi ordu iraungo baititu, eta egitarauan 16 hitzordu jaso dira: musika, kirola, dantza, bakarrizketa, bazkari-herrikoia, erraldoien konpartsa… askotariko jarduerak izango dira.
Hamabi orduko egitarau “erakargarria” ondu dutela nabarmendu zuten agerraldian. Ekimen hau Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean antolatu dute.
Astelehenean egindako aurkezpenean, Estitxu Alkortaren, Euskara Saileko zinegotziaren, esanetan, “adin-tarte eta publiko zabalari zuzendutako jarduerak antolatu ditugu, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dugulako. Eta herritarrak animatu nahi ditugu antolatutako jardueretan parte-hartzera, eta, noski, baserritarrez jantzita bada, askoz hobeto”.
Egitaraua
Estitxuren hitzetan, “herriko eragileek nortasuna emango diote Euskal Jaiari, eta, horretaz gain, honakoak izango ditugu: Dinaguren azoka (Okendo plazan, 11.00-14.00) Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen 25 postu inguru, herriko sortzaileen presentziarekin batera; harri-jasotzaileak Okerra harriarekin egingo duten erakustaldia; Mikel Bermejoren bakarrizketak edota Gozategiren kontzertuak egunari amaiera emango dio”.
Askatasunaren plazan 14.30ean izango den herri bazkarirako txartelak salgai daude. Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariak, Arkaitz Illarramendik azaldu zuenez, Ttakun Kultur Elkartearen bulegoan eskura daitezke (9:00-13:00 eta 16:00-18:00), 30 euroko prezioan. Menua, berriz, honakoa: entsalada, arkumea eta postrea. Jatekoa bustitzeko, berriz, ura, sagardoa eta ardo beltza. "Zikiro-jana 100 lagunentzako prestatu da; beraz, interesa izanez gero, lehenbailehen eros itzazue txartelak", animatu zuen.
Era berean, gogorazi zuen “haurrentzako menu berezirik ez dela egongo, baina, antolakuntzak mahaiak jarriko dituela Askatasunaren plazan bertan haurrei bazkaria emateko. Ondorioz, gurasoen ardura izango da janaria eramatea”.
Euskara eragileei aitortza
Euskal Jaiak, ordea, ez du ospakizun festa batera mugatu nahi. Euskal nortasuna, kultura eta euskara sustatzeko helburuarekin dator ere. Hor kokatzen da eguerdian, 14.00etatik aurrera, herriko euskara eragileak omentzeko Okendon egingo den aitortza ekitaldia.
Estitxuk adierazi zuen: “Guztion ardura da euskara sustatzea eta indartzea. Guri, Udalari, dagokigu baliabideak eskaintzea. Baina argi daukagu aurrera urratsa emateko, erabileran dagoela gakoa. Eta hor ardura partekatua da". "Erabilerarena norbanakoen ardura eta hautua da, baina, herriko eragileek bere eguneroko jardunean euskararen alde erakusten duten jarrerak, txanpona alde batera edo bestera erortzea eragiten du. Hemendik euskararen aldeko hautua egiten animatzen ditugu herritarrak, eta, baita herriko elkarteak ere", gaineratu zuen.
Zentzu horretan, Euskal Jaian zehar, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest txapak berreskuratzera animatu ditugu. Eta, Euskal Jaiaren irudiarekin sortu diren merchandising produktuak saltzeko azokan jarriko den mahaian, txapak banatuko dira.
Asko izango dira Euskal Jaian parte hartuko duten herriko elkarte eta taldeak: Lasarte-Oriako Txistulari Taldea, Pontxo eta Tomax txalapartariak, Xumela, Intza Pilota Elkartea, Telleria harri-jasotzaileak, Landaberri eta Sasoeta ikastetxeak, Ostadar SKT, Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoi Taldea, Tirrika Tarraka, Earra Bertso Eskola, Erketz EDT, Plaza-dantza taldea eta Oaintxe in deu! txaranga, besteak beste.