Zarraparra kolektiboak makina bat kontzertu antolatu du azken urteetan Urretxun eta Zumarragan. Baina nekeak bere lana egiten du eta bi jaialdi nagusiak antolatzeari utzi behar diote. Apirilean Urretxuko Poligrafo Fest jaialdiaren azken edizioa egin zuten eta gaur Zumarragako ZZ Rocken azkena izango da. Punta-puntako taldeekin emango diote amaiera bederatzi urteko ibilbideari.
Jaialdia Zelai Arizti parkeko karpan izango da, 18.30ean. Bobbi Relac, Sugramas, Malatestta eta John Dealer & The Coconuts taldeek joko dute. Sarrerak 20 euroan jarri dituzte salgai, entradium.com webgunean. Zelai Ariztin bertan ere erosi ahal izango dira. Zarraparrako bazkideek 15 euroan eros dezakete, Motz tabernan. Jaialdia Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak antolatu dute, Katapulta Tour Gipuzkoaren eta Zumarragako eta Urretxuko udalen laguntzarekin.
Irungo Bobbi Relac taldea Oskar Benasen proiektua da. “Gitarrista trebea” dela diote Zarraparrakoek. Artista ezberdinekin egin du lan: Fermin Muguruza, Maika Makowski eta Atom Rhumbarekin, besteak beste. Urtetan zehar musika instrumentala egin ondoren, egun ahotsari eta hitzei garrantzia ematen die, bere estiloa galdu gabe. Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoaren eskutik etorriko dira Zumarragara.
Elgoibarko Sugramas taldea Jon Gurrutxaga musikariaren proiektu rockeroena da. “Abeslaria, gitarrista, bateria-jolea... Elgoibartarrak musika darama zainetan eta zuzenean ikusi duen orok ahots pribilegiatua duela daki”, diote.
Azken urteetan proiektu intimo eta lasaiagoetan ibili da, bere izenarekin. Horretaz gain, beste musikari batzuekin kolaboratu du eta Bikustik bertsio taldean jo du. 2010. urtean Jon&Sugramas taldea sortu zuen 1970eko hamarkadako rock klasikoa, blues rocka eta hard rocka jotzeko. Ingelesez zein euskaraz abestutako kantekin, diskoa argitaratu zuten Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin eta kontzertu ugari eskaini zituzten. Besteak beste, Londresen. Aurten, proiektua berpiztu du eta kanta berriak sortu ditu. Taldearen lehen urteetako kantak ere jotzen dituzte.
Malatestta taldeari dagokionez, Mario Antolin musikari santurtziarraren proiektua da. Batzuetan bakarlari gisa aritzen da eta besteetan taldearekin. Zumarragara talde osoarekin etorriko da, rock formatu elektriko klasikoan: bi gitarra, baxua, teklatuak eta bateria.
Bukatzeko, John Dealer & The Coconuts talde legazpiarra aski ezaguna da Urretxu eta Zumarragan. Zarraparrak 2021. urtean Labeaga aretoan antolatu zuen jaialdian izan ziren. Hamar urte daramatzate oholtza gainean eta “kalitate handiko zuzenekoak eskaintzen dituzte”. Rock and rollaren “langile amorratuak”, Euskal Herriko areto gehienetan jo dituzte beraien abestiak. Diskoa argitaratu berri dute. ZZ Rock jaialdian kanta berriak eta zaharrak joko dituzte.