‘Oarso Telebista’, altxor antropologikoa
Eskualdeko kate independientea izan zenaren 400 zinta digitalizatu dituzte
Mikel Mendizabalek eta Miren Salvadorrek, Gexan Mendizabal ekoizpen lanen laguntzarekin, iazOarso Telebistarenikus-entzunezko funts historikoa digitalizatu zuten. Guztira, 400 zinta berreskuratu eta 300 minutu baino gehiagoko irudi eta kalitate handiko dokumentalak formatu digitalera pasa dituzte. Altxor hau,Oiartzungo Udalaren eskuetan dago publikoari nola zabaldu aztertzen.
Oarso Telebista eskualdeko euskarazko telebista kate bat izan zen, bederatzi urtez, 90. eta 2000. urtetako hamarkadetan ibili zen eskualdeko herrietako egunerokotasuna, kultura ekitaldiak eta gizarte mugimenduak jasotzen. Izaera komunitarioa eta tokiko telebista proiektua izan zen, euskararen sustapenarekin lotutako bideetan murgilduta. Denborak aurrera egin ahala, material horren zati handi bat formatu analogikoetan geratu zen eta galtzeko arriskuan zegoen.
Iaz egin zuten lana Mendizabal aita-semeek eta Miren Salvadorrek, eskualdeko lau Udalen eta Oarsoaldea garapen agentziaren laguntza ekonomikoa izan dutelarik. Hala eta guztiz ere, Mikel Mendizabalek aditzera eman duenez, egindako lanak askogatik gainditu du jasotako dirulaguntza. Hiru pertsona hauek egindako lanaren ostean, eskualdeko ikus-entzunezko ondare aberats bat babestea eta etorkizunerako iraunaraztea lortu da.
Eskarmentu luzea
Mikel Mendizabal donostiarra da jaiotzez baina Oiartzunen bizi da aspaldidanik; irakasle, bikoizle, sortzaile eta memoria historikoaren sustatzaile gisa lan egin du urte luzez. Elbira Zipitriaren ikasle izana, pedagogia berritzaileak garatu zituen ikastolan, eta dozenaka film eta dokumental euskaraz bikoiztu ditu. Lehize Ekoizpenak ekoiztetxeko sortzaileetako bat izan zen.
Azken urteotan, Oarsoaldeko memoria historikoa berreskuratzeko dokumentalak egin ditu, eta eskualdeko artxibo ikus-entzunezkoen zaintza eta digitalizazioan ere lan handia egin du.
Oarso Telebista sortu zenean, Lehize Ekoizpenak bideogintzan adituak zirenez eta tresneria zutenez, hasieratik egon ziren proiektu honetan. “Beti diru arazoak izan genituen, baina gure tresneria kalitatezkoa zen, oso irudi onak ateratzen zituen eta esateriek ere oso euskara ona zuten. Kalitatezko telebista bat zen, batez ere telebista lokal bat izateko”, gogorazi du Mendizabalek.
Kate "alternatiboa"
Azpimarratu duenez, kate hau telebista “alternatibo” bat zen: “ETBk bere orientazio politikoa zuen eta Oarso Telebistak beste ikuspegi bat ematen zuen. Oso mugatua zegoen Oarsoaldera eta oso garai biziak, intentsoak ziren: Pasaiako portuaren proiektua, manifak, atxiloketak, torturak... plenoak ere oso intentsoak ziren eta euskal kultura puntu potente batean zegoen garai hartan. Informazioa oso ondo dokumentatzen zen, beraz noizbait Euskal Herriko historia jaso nahi bada oso material interesgarria zen”.
Telebista itxi zenean, zinta horiek non gorde ziren inork ez zekien. Mendizabal material horren garrantziaz eta baloreaz ohartarazita Oiartzungo Udalarengana jo zuen laguntza eske. Azkenean, altxor hori Oiartzungo Udalak Lezon duen trasteleku batean topatu zuten.
“Oso egoera kaxkarrean zeuden zintak, batzuk hautsiak zeuden, kutxetan hala nola jasoak, hezetasunarekin eta kopiaren kopia ziren. Digitalizatzen hasi ginean nik jasoak nituen Lehizeko tresnak erabili nituen: VHS asko erabili genituen eta Betacam bat izorratu genuen”. Lehenbailehen egin beharreko lana zen, zinten iraupenan laburrarengatik.
Hezkuntza, kultura, herrietako plenoak, politika, ekonomia, kirola... azken finean herrietako bizitza jasotzen da bideo horietan. Mendizabalek garrantzia berezia ematen die berreskuratu diren dokumentalei: “Badaude dokumental batzuk oso-oso ondo eginak, batik bat artisautza eta baserrietako lanak, gaztagileak, ofizioak...”.
Memoria kolektiboa
Bere hitzetan, “memoria kolektiboaez bada gordetzen eta partekatzen, desagertzeko arriskuan dago”.
Hau ez da Mendizabalek zinta analogikoak digitalizatzen dituen lehenengo aldia. Lehizeko artxiboko 2.000 ordu daude digitalizatuta eta Mendizabalek Oiartzungo Udalari lagatu zion enpresak itxi zuenean: “Batzuk Youtuben daude, baina gehienak ikusteko Oiartzungo Udalari baimena eskatu behar zaio. Pentsatzen dut Oiartzungo liburutegi berriko proiektuarekin digitalizatutako lan hauek nola kontsultatu eta ikusi erabaki beharko dela”.
“Bai Lehizeko eta Oarso Telebistako materiala kontsultatu ahal izateko, tresna digital bat, gai bilatzaile bat, sortu beharko litzateke, gainera lan honek copyright du, beraz kopiak edo irudien erabilera nola galerazi ere ikus beharko zen”, gaineratu du.
Oarsoaldea garapen agentziak azpimarratu duenez, bere laguntza tekniko eta logistikoarekin, orain artxibo horiek formato digitalean berreskuratu dira eta ondare hori Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalen eskura jartzeko bidean daude, etorkizuneko belaunaldiek ere Oarsoaldeko historia ikusi eta ezagutu dezaten. Tokiko hizkuntza eta memoriaren ikuspuntutik egindako lanak garrantzi handia du.