Euskal Herriko tradizio eta kulturaz jantziko dira Debako kaleak Euskal Jaiaren eskutik
Udalak herriko bizilagunak animatzen ditu larunbatean izango diren ekitaldi desberdinetan baserritar jantziarekin parte hartzera
Larunbatean, Debako kaleak kolorez, musikaz eta euskal kulturaz beteko dira, Euskal Jaiaren harira.
Egun osoko ospakizun handia izango da, Debako Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatuta, eta helburu nagusia herritarrak euskal ohitura eta tradizioekin bat egitera gonbidatzea da, gure kulturaren balioa eta bizitasuna azpimarratuz.
Kalean Kantuz
Jaiak aurreko egunean hasiko dira, irailaren 26an, ostiralarekin, Kalean Kantuz ekimenarekin. 19.30ean abiatuko da kantaldia, eta herriko kaleetan barna giro alaia zabalduko du.
Horrela, lehen notetatik hasita, jai giroan murgilduko da Deba, euskal abesti zaharrak eta herri-kanta ezagunak oinarri hartuta.
Taloa eta sagardoa
Larunbatean bertan, Euskal Jaiaren egunean, Deba goizetik iluntzera arte izango da festa-gune.
Goizeko lehen orduetan, Plaza Zaharrean, Segurako taloak eta sagardoa eskainiko dira herritarrak eta bisitariak ongi etorriak sentiarazteko.
Sagardoa doan izango da amaitu arte, eta edalontzia norberak eraman beharko du.
Txistulariak, joaldunak, trikitilariak eta euskal dantzak
Ondoren, 11.00etan, txistulariak arituko dira kaleetan zehar, eta 11.30ean Zubietako joaldunen hots indartsuek tradizioaren sustraiak ekarriko dituzte gogora.
Eguerdian, 12.00etan, Gure Kai dantza-taldeak eta Musika Eskolako ikasleek euskal dantzak eskainiko dituzte herriko kaleetan.
Bazkari herrikoia
Jarraian, 13.30ean, trikitilariek musika herrikoia zabaltzen jarraituko dute, eta 15.00etan Aldats frontoian bazkari herrikoia ospatuko da. Bazkal ostean, trikitilariek giro alaia mantenduko dute.
Arratsaldeko 18.00etan, buruhandiak kalera aterako dira, haur zein helduen irribarreak piztuz.
Eta 19.00etan, Debrass txarangak kalejira animatua eskainiko du, herritar guztiak dantzan jartzera gonbidatuz. Gauari amaiera borobila jarriko dio 23.00etan hasiko den erromeriak: Foruen Plazan Obaneuke taldeak gau magikoa eskainiko du, euskal musikak oinarri.
Baserritar jantziak
Debako Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak dei berezia egin du herritarrei: larunbatean baserritarrez jantzita parte hartzera gonbidatu dituzte guztiak.
Temas
Más en Bertan
-
La inauguración de la nueva Casa de Cultura de Zumaia, en imágenes
-
'Nobenaixuak' Arrasateko Maritxu Kajoi festa iragarriko du ostiral honetan
-
Zarautz, primer municipio de la CAV en prohibir fumar en la playa: multas de hasta 500 euros
-
Azkoitia servirá de marco al Campeonato de Gipuzkoa de Gimnasia Rítmica este sábado