Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak bere 55-35 urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia antolatu du urriaren 18an, Uarkape pilotalekuan, 18.00etatik 20.00etara. Dantzari ohi eta gaur egungoak batuko dituen ospakizun honek tradizioa eta berritasuna uztartuko ditu, "sorpresaz beteriko" ikuskizuna izango delarik. 

Guztira, 250 dantzari inguruk parte hartuko dute, heldu, gazte eta umeak barne. Ekitaldia Arizmendiarrieta plazatik abiatuko den kalejira batekin hasiko da, 17.00etan, Uarkape pilotalekura iritsi arte. 17.30ean, ateak zabalduko dira eta saioari 18.00etan emango diote hasiera (doan izango da). Arrasateko musikariek eta Erraldoi eta Kilikien konpartsak ere bat egingo dute jaialdiarekin.

Ekitaldiaren ondoren, afaria

Ospakuzunekin jarraitzeko, dantza taldeak afaria antolatu du Uarkapen bertan, 21.15etik aurrera. Menuak 28 euro balio du, haurrenak izan ezik, 15 euroko prezioa baitu. 

Tiketak ostiral honetan (18.00etatik 20.00etara), larunbatean (11.30-13.30), hilaren 11n (18.00-20.00) eta 13an (11.30-13.30) salgai jarriko dira Portaloian. Afal ostean, Akorde Music Experience taldearen dantzaldiarekin gozatzeko aukera egongo da, eta eguna borobiltzeko, Altsa Porru erromeriak eta DJ Astutxuek giroa jarriko dute gaztetxean, goizaldeko 1.30etik aurrera.