Larunbatean Antioko Musikaldiaren 42. edizioa hasiko da Zumarragan. Urteroko moduan, bost kontzertu egingo dituzte: lau Antion eta bosgarrena Ezkioko Igartubeiti baserrian. Antiokoak 19.30ean hasiko dira eta Ezkiokoa 18.00etan. Autobus zerbitzua izango da, doan. Antiora 19.00etan abiatuko da Elizkaletik eta Igartubeitira 17.30ean, toki beretik. Lehen kontzertua Eñaut Elorrietak egingo du.
Elorrieta Ateosteko bira egiten ari da. Fantasia diskoa aurkezteko bira amaituta eta hurrengo lan luzea ondu bitartean, bira “txiki eta berezi” hau egiten ari da. Eliza eta ermitetan jotzen ari da, batik bat: harrizko hormak, egurrezko eserlekuak (Antion sabaia eta korua ere egurrezkoak dira) eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Elizaren oihartzunaren aurka tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolastuko du. Harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuko du.
Soinu eta argi ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez, bere ibilbide osoko kantak eskainiko ditu. Kontzertu zuzen eta biluzia izango da, herri kantuaren eta esperimentazioaren artekoa, eta ahotsaren aukerak arakatuko ditu.
Antolatzaileek ikusle asko espero dute. Hori dela eta, 18.30ean baseliza hustu egingo dute eta 19.00etan irekiko dituzte ateak.
Irailaren 13an Euskadi Brass taldeak bere 10. urteurreneko kontzertua egingo du. Irailaren 20an Cuarteto Iberiak joko du. Laukote hori biolin-jotzailek, biola-jotzaile batek eta biolontxelo-jotzaile batek osatzen dute. Zumarragako azken kontzertua Elena Sancho sopranoak eta Teodora Oprisor pianistak egingo dute irailaren 27an. Azken kontzertua Sagel taldeak egingo du, urriaren 4an, Igartubeiti baserrian.
Musikaldia gaur aurkeztu dute, Goizane Alvarez Kultura diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak.