Eibarko Urki CD taldeak historia egin du aurtengo futbol denboraldian, lorpen historikoa gauzatu ondoren: lehen aldiz igo da Gipuzkoako Erregional Ohorezko mailara.
Unben jokatutako neurketan, Ikasberri taldea mendean hartu zuten eibartarrek (5-1) eta emaitza horri esker, urte luzetako ametsa bete zuten.
Historia
Urki CD 1978an sortu zen, auzoko gazteei futbolerako aukera emateko asmoz.
Baina badira lekukotasun zaharragoak ere, adierazten dutenak gaur egun Urki CD izenarekin ezagutzen den taldeak 1972 eta 1977 urteen artean Estrella Roja izenarekin hainbat lehiaketetan parte hartzen zuela.
Auzoko gazte talde hark ezin zuen imajinatu urte batzuk geroago Urki CD bihurtuko zela Eibarko futbolaren erreferente apala, baina sendoa.
Boluntarioen lana
Kluba modu ofizialean sortu eta gero, partidak jokatzeari ekin zion talde federatu gisa. Hori lortzeko ezinbestekoak izan dira boluntarioen ilusioa eta lana.
Auzoko eta Eibar osoko gazteei futbolean jokatzeko aukera emateko helburua hainbat gurasoren lan nekaezinari esker gauzatu da.
Beste futbol bat
Gurasoek zuzendaritzako ardura izan dute urte guzti hauetan, baina ez dira izan horrek bere betebehar bakarrak; entrenatzaileak, kotxeen gidariak kanpoko desplazamenduetan, zelai ordeordezkariak eta baita arbitroak izan dira.
Denek helburu berbera izan dute: seme-alabei futbolaz beste modu batean gozatzeko eta bizitzeko aukera ematea, talde baten parte sentituz eta nortasun-sentimendua sortuz.
Horren guztiaren ondorioz, Urki CD auzoaren bigarren etxea bihurtu da, non jokalari gazteek ez ezik, euren familiek ere euren sustraietako balioak berreskuratzen dituzten.
Baliabide gutxi, ilusio asko
Urte luze hauetan zehar, Urkik ez du inoiz galdu bere izaera xumea eta auzoari lotuta izatea; hori izan da benetako indar iturria.
Zelaian lortutako arrakastak ilusio izugarria piztu du, baina eguneroko jarduna gogorra izan da: baliabide gutxirekin eta ilusio handiz egin dute aurrera.
Bolondresen lanek eta euren konpromisoek neurririk gabe eman dute, eta horri esker lortu da Gipuzkoako Erregional Ohorezko Mailara igoera, mugarri historikoa suposatzen duena.
Jokalari eibartarrak
Urkiko lehen taldeak beti osatu izan da Eibarko jokalariekin.
Gipuzkoako futbolaren beheko kategorietan urteak eman ostean, aurten konfiantza berezia zuten eta talde sendoa zutela ikusita, denboraldi on bat egiteko gai zirela pentsatzen zuten.
Hasiera kaxkarra
Hala ere, denboraldi hasiera ez zen erraza izan: Amaikak Bat izan zuten aurkari nagusia eta lehen neurketan euren kontra porrota jaso zuten.
“Hasierako kolpea gogorra izan zen, baina ez ginen kikildu; lanean jarraitu genuen”, gogoratu zuen Lur Bereziartua, Urki CD taldearen erdilariak. Bere hitzek erakusten dute taldearen mentalitatea eta parte-hartzaileen determinazioa: porrotak indartsuago bihurtu zituen jokalariak eta talde osoa, eta hori izan zen igoera lortzeko giltza nagusietako bat.
Ibilbide sendoa
Laister beren gaitasunekiko konfiantza erakutsi zuten. Taldeak gora egin zuen sailkapenean eta lidergoa eskuratu zuen.
“Behin lehen tokia lortuta, gure helburua argi zegoen: bukaerara arte eustea”, gehitu zuen Bereziartuak. Eta horixe egin zuten: azken aurreko jardunaldian lortu zuten igoera, Ikasberri mendean hartuta Unben. Emaitza hau ez zen bakarrik partida irabaztea, baizik eta urteetako lanaren eta ametsaren fruitua.
Garaipen historikoa
Partidua ikusgarria izan zen: Gorka Amutxastegik sartu zuen lehen gola penaltiz, eta berak egin zuen bigarrena 42. minutuan. Atsedenaldiaren atarian Ikasberrik tartea murriztu zuen (2-1), baina bigarren zatian eibartarrek erakustaldia eman zuten.
Markel Zubizarretak hirugarrena sartu zuen eta Lur Bereziartuak laugarrena. Aner Zubizarretak, taldeko golegilerik onena denboraldian, 12 golekin, festa borobildu zuen bostgarrenarekin.
Untzagara kamioian
Partidua amaitu bezain laster, Unben bizi izan zen jai giroa Eibarko kaleetara zabaldu zen. Jokalariak eta zuzendaritza kamioi batean igo eta Untzagako plazara abiatu ziren, non ehunka eibartarrek harrera beroa egin zieten.
Poza eta harrotasuna nagusi ziren Erregional Ohorezko Mailara igotzea lortu izanagatik. Horrelako egun batek, futbola eta komunitatea bat egiten duten momentu magikoak eskaintzen ditu, eta urteen poderioz gogoratzen diren oroitzapen bihurtzen dira.
‘Txus’ Alzaga, klubaren historia
Urki CD-ren izenarekin lotutako pertsonaia bat bada, hori Jesús Alzaga, ‘Txus’, da.
1980. urtean sartu zen zuzendaritzan eta, lau urte geroago, 1984an, Luis Míguez ordezkatu zuen presidente karguan.
Lau hamarkada
Ordutik, lau hamarkadatan zehar, klubaren gidaritza hartu du, beti helburu argi batekin: auzoko haur eta gazteei futbolerako aukera ematea.
“Garai hartan ez SD Eibarrek ez zuen futbol eskolari eta gure jokalari gazteak eramaten zituen. Hala ere, guk geure kabuz osatzen genituen taldeak. Hasi ginen infantilekin eta jubenilekin, eta poliki-poliki gero eta talde gehiago izan ditugu”, gogoratu du Alzagak.
11 talde eta 200 jokalari
Urte hauetan guztietan, klubak erabateko berrantolaketa izan du. Gaur egun 11 taldek osatzen dute Urki CD eta guztira 200 jokalari inguruk janzten dute elastikoa.
Azken urteetan, gainera, urrats garrantzitsu bat eman dute emakumezkoen futbolean.
“Aurreko denboraldian futbol-8ko nesken taldea genuen, eta aurten lortu dugu futboleko 11ko taldea ere sortzea”, azaldu du pozik.
Futbol apala, bihotz handikoa
Futbolaren maila apalenetan, hala nola Erregional mailan, bizitza ez da erraza: baliabideak oso mugatuak dira. Hala ere, kategoria hauek dira futbola benetan sostengatzen dutenak, ilusioa elikatzen dutenak.
Urtero milaka haur eta gaztek egiten dute amets baloiarekin, eta horien atzean gurasoen eta lagunen babesa dago. Larunbat eta igandeetako partidak auzoetan ospatzen dira, eta, askotan, giro horretan hasten da futbolarekiko pasioa. Futbol apala, baina bihotz handikoa; futbol honek komunitatea lotzen du eta herriaren nortasuna indartzen du, Urki CD klubarekin gertatzen den bezala.
Kategoria ezberdinetan
Urki CD-k Gipuzkoako futbolaren kategoria guztietan egin du bidea: Lehen eta Bigarren Erregionaletik pasa ostean, duela gutxi Preferente mailara iritsi zen eta, orain, historian lehen aldiz igo da Ohorezko Erregionalera.
“Unben jokatutako partida hura sekulakoa izan zen, baina momenturik bereziena kamioian jaistea izan zen, Unbetik Untzagako plazaraino, jendearen animo artean. Ezin ahaztu horrelako eguna”, dio harro ‘Txus’-ek.
Jokalari baztertuen indarra
Urkiren arrakastaren atzean badago beste errealitate bat ere: “Gure taldean badaude ume garaian bestelako klubetan baztertuta geratu ziren jokalari asko. Infantiletan, kadeteetan edo baita alebinetan ere ez zuten jarraitzerik izan, baina gurean bidea egin dute eta, pixkanaka, kategoriak igo dituzte”, dio presidenteak.
Honek erakusten du Urkiren lana ez dela soilik maila onean jokalarien prestatzea, baizik eta komunitatearen integrazioa eta bigarren aukera ematea, futbolaren bidez.
Hurrengo denboraldiari begira
Urki CD-k ilusio handiz begiratzen dio datorren denboraldiari. Preferente mailatik igotako zenbait jokalari baja izango dira, baina belaunaldi berriak sartuko dira taldean.
Erronka, normala denez, mantentzea izango da, baina Alzagak badaki ez dela erraza izango.
Hala ere, ilusioa eta komunitatearen babesa nahikoa oinarri dira aurrera egiteko.
Lehia bitxia guraso eta semeraren artean
Txus’ Alzagak derbi berezi bat izango du hurrengo urtean.
“CD Elgoibar izango dugu aurkari, eta nire semea, Jesús izenekoa bera ere, Elgoibarko presidentea da. Beraz, aita-seme derbia izango dugu”.
Urki CD bihotzean
CD Elgoibarko presidenteak oso ondo daki zer den Urki CD, hainbat urtez bere kamiseta defendatu baitzuen, bere aitak gogorarazi duen bezala.
“Guk gure garaian klubaren desagerpena ekiditeko hartu genuen ardura, gure semeek futbolean jarrai zezaten. Haur horien artean nire semea zegoen. Orain nire semearen lehentasuna Elgoibar CD da, baina badakit Urki CD beti izango duela bihotzean bere lekua”, adierazi zuen Alzagak irribarrez.