Asteazkenean amaituko dira Oiartzungo Xanisteban jaiak ekitaldiz eta giro apartaz jositako bost egun igaro ondoren. Herritar ororentzat ekimenak egon dira.

Ohi bezala, xanistebanak abuztuaren 2an hasi ziren. Aurten Birgilio Labandibar eta Xabier Izagirrek ireki zituzten ofizialki jaiak. Pixka bat lehenago udal ordezkariek herrira bizitzera etorritakoekin batera sokadantza eskaini zieten herritarrei Doneztebe plazan.

Igandean, Xanisteban Egunean, jendetza ibili zen, batik bat, herriko jai egun nagusia asteburuan tokatu zelako. Hortaz, goizetik gauera, lepo egon ziren herriko plaza eta inguruak. Egun horretako ekitaldi nagusien artean sokatira txapelketa izan zen eta Madalensoro pilotalekua bete zen herriko auzoen arteko 37. norgehiagoka ikusteko. Emakumeetan Ergoien eta gizonetan Ugaldetxo nagusitu ziren. Gainera, haurren gozamenerako ur puzgarriak egon ziren Landetxe plazan.

Baserritar Eguna, ekitaldiz beteta

Astelehenarekin, Baserritar Eguna ospatu zuten hamaika ekintzekin. 360 jubilaturi bazkari goxoa eskaini zien Udalak. Gainera azoka, zaharren egoitzara bisitaldia, sagardo lehiaketa, bazkari feminista non 110 lagun bildu ziren, panteren jaitsiera, bertso saioa, herri kirolak, dantza emanaldiak, danborrada eta beste hainbat proposamen izan ziren. Baserritar Eguna egitarauan jasotzen diren ekitaldi gehien burutzen den jardunaldia da.

Sagardo lehiaketa Doneztebe plazan N.G.

Asteartean, Gazteen Eguna ospatu zen eta 739 gazte elkartu ziren bazkaldu, jolasean ibili eta ongi pasatzeko. Gazte txupinazoa; bertso jaialdia txosnagunean Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Oihana Arana bertsolariekin; eta arin-arin eta fandango txapelketa egon ziren besteak beste.

Arestian, aipatu bezala, asteazkenean jaiak datorren urtera arte agurtuko dira, baina aurretik haurrei eskainitako eguna prestatu da. Honenbestez goizean Oiartzungo erraldoien kale-buelta burutuko da eta arratsaldean haur eta gazteentzako parkea ipiniko da Haurtzaro ikastolan. Gainera txokolatada ere izango dute.

Alabaina, adin guztien gozamenerako eguerdi partean arkumea erretzen hasiko dira eta 14.30ean arkume jatea iritsiko da. Bazkalondoa txarangak alaituko du.

Eguna amaitzeko, Elizaldeko kaleetan zehar, zezensuzkoa ibiliko da, Lartaun Txistulari Taldeak Idiarena doinuz lagundurik eta ondoren musika izango da.