Abuztuaren 1eko Oiartzungo Kultur Ekitaldian, “herrian hain errotuta dagoen festa berreskuratu, birmoldatu eta zabaltzeko egindako lanagatik” Ihote Taldeari omenaldia egingo zaio. Arizmendienean izango da, 18.00etan. Herriko festarik bereziena antolatu eta indartzeko hamarkada hauetan, guztietan, Ihote Taldeak egin duen lana aitortu eta eskertu nahi du Udalak. 

Joana Mendiburu alkateak adierazi duenez, urtez urte Ihote Taldea osatu duten herritarrek “jakin dute ospakizuna garai berrietara egokitzen eta aberasten, gure nortasuna indartzen eta festa giroan komunitatea sendotzen”.

Oiartzuar denentzat tokia duen festa dela nabarmendu du alkateak: “Denentzat dago lekua ihoteetan: familientzat, gazteentzat, baserrietan urruti bizi diren herritarrentzat… Plazara ez ezik, auzo guztietara zabaltzen da jaia eta herriko kultura eta gure izaeraren adierazle nagusia da. Horregatik, egin duten lan guztia eskertu eta omenaldia egingo diegu”.

Zaharrenen memoriatik

Frankismoak inauteriak desagertzea ekarri zuen Oiartzunen ere. 1989. urtean, Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak herriko auzoetan barrena ibili ziren inauteriak ospatzen, mozorrotuta. Urte hartan bertan, gainerako auzoetako jendearekin elkartu eta herriko zaharrenengana jo zuten, inauteriak herrian nola ospatzen zituzten jakiteko. Hor hasi ziren ihoteak, ihote-baltsa eta puska-biltzea ezagutzen. 

1990an ihoteak berreskuratu eta auzoz auzo puska-biltzen aritu ziren kuestazioan. Ilunabarrean suaren bueltan ihote-baltsa dan-tzatu eta lehenengo intxixuak iritsi ziren herrira: intxixu beltzak. Hurrengo urtean, Intxixuen pertsonaia mitologikoa hobetu landu eta gaur egun ezagutzen diren zortzi intxixuak agertu ziren, auzo bakoitzeko bana.

Ordutik kaleko eta mendiko sorginak gehitu dira, zakuak berreskuratu dira, ereserki bihurtu diren abesti berriak sortu dira, festa asteburu osora zabaldu eta hamarnaka ekintzekin indartu da.

Soka dantza eta txupinazoa

Bestalde, xanistebanetako hasiera, abuztuaren 2ko sokadantzara atzerritik azken urteetan Oiartzunera bizitzera etorri diren herritarrak gonbidatu dituzte aurten, udal korporazioarekin batera festei hasiera ematera.

Xanistebanetako soka-dantza N.G.

Sokadantzak komunitatea islatzen duela nabarmendu du Mendiburuk. “Eskutik helduta eta zubietan elkar gurutzatzen dugun herritarrak gara. Guztiok osatzen dugu Oiartzun eta elkarrekin ari gara etorkizuna sortzen. Oiartzun euskararen arnasgune bat da eta etorkizunean ere hala izaten jarraitzea nahi dugu. Horregatik egiten diegu ongietorri oiartzuar berriei, gure herria barrutik ezagutu eta bizi dezaten, guztion artean herri berdinzale eta euskaltzalea sor dezagun. Komunitate anitza, bizia eta aberatsa osatzen dugu eta guztiok batera emango diegu hasiera aurtengo xanistebanei!”.

Sokadantza bukatuta, Birgilio Labandibar eta Xabier Izagirrek piztuko dute festei hasiera emateko suziria. Xanistebanetan eta herrigintzan urte luzez egin duten lan eskerga goraipatu nahi izan du Jai Batzordeak. Izagirre eta Labandibar zoriondu eta haien konpromisoa eskertu du alkateak ere: “Beti lanerako prest; Oiartzun pasioz bizi dute eta badakite duten grina ingurukoei ere kutsatzen. Udalaren izenean ere eskerrak eman nahi dizkiegu haien kemenagatik eta herriarentzat hain baliotsua den ekarpenagatik”.