Aurtengo Astigarragako Santio jaietan Astigar taldea omendu dute 50 urte daramatzalako euskal kultura eta ohiturak mantentzen eta suspertzen.

Urtero Astigarraga aldizkaria argitaratzen dute eta 44. zenbakian elkartearen historia eta mende erdian egindako lana gogorarazteko erabili dute batik bat.

Aurkezpenean adierazten dutenez, “50 urte hauetan gure herriaren historian eta bizitza sozialean oso esanguratsuak izan diren jarduerak garatu ditugu, hala nola, euskal kultura aldarrikatzea eta berreskuratzea; baita gure herri nortasunari lotutako ekimen soziokulturalak sortzea eta sustatzea eta izaera herrikoia duten proiektuak gauzatzea eta horietan parte hartzea ere”.

Dantzariak txotx irekieraren ekitaldian N.G.

Hori guztia, garatu dute “herritarren parte-hartzea bermatuz eta beharrezkoak diren aldaketa sozialak ahalbidetzeko ekarpenak eginez, guztion aldarrikapen soziokulturalak errealitate bihurtzeko”, gaineratu dute.

Sorkuntza: erresistentzia garaian

Gogorazi dutenez, 1975eko Santio eta Santa Ana herriko jaietan hasi zen bere ibilbidea elkarte gisa, artean diktadura frankistaren menpe eta Astigarraga Donostiako auzo bat zenean. Garai horietan lau elkarte baino ez zeuden Astigarragan: Gure Izarra (1922), Ergobiako Denak Bat (1960), Txistulari Taldea (1972) eta Gaztedi elkartea (1975).

1975eko herriko festak bukatu eta elkarte baten egitura osatzen hasi ziren batzorde eta hainbat taldekin: dantza taldea, txistulari taldea, pilota taldea, futbol taldea, kultura atala, J. gazte taldea, Irrintzi irratia, mendi taldea, gau eskola...

Astigar dantza taldea inauterietako desfilean N.G.

“Errealitate horren aurrean, ozen entzun zen euskal kultura babesteko eta sustatzeko beharraren aldeko herritarren aldarria. Testuinguru soziopolitiko horretan inskribatu zen 1976ko otsailean Astigar E.O.E (Euskal Ohiturazale Elkartea) Gobernu Zibilean”, azaldu dute. 

Oso garai zailak ziren euskal nortasunaren defentsan. Gure elkartean kulturari eusteko eta hura defendatzeko lana etengabeko arriskua izan zen, eta horren ondoriozko beldurrak ere bai, egiten genituen jarduera askotan. Elkartea legeztatzeak berak eskakizun eta izapide ofizial ugari ekarri zituen, eta nekez gainditu ahal izan genituen”, azpimarratu dute. 

Azkenean, 1976ko otsailaren 17an legeztatu zuten elkartea eta 1979an bere egoitza inauguratu zuen gaur egun dagoen leku berean, Santio Zeharreko 5. zenbakian.

Hiru etapa

50 urte hauetan etapa desberdinak eta gorabeherak bizi izan ditu elkarteak. Astigar elkartearen aburuz, bere etaparik garrantzitsuena 1975-1988 urte bitartekoa izan zen. Urte horietan euskal kulturaren aldeko herri dinamika martxan jarri zuten eta, gainera, udalerriaren nortasuna berreskuratzeko urrats garrantzitsuak eman zituzten.

Paradoxikoki, Astigarraga Donostiatik banandu zenean, elkarteak garai zailenak bizi izan zituen. Izan ere, 1988tik 2000ra hasiera batean Astigar elkarteak egindako jarduera asko beste elkarte batzuk edo Udalak berak hartu zituzten.

2001etik gaur egun arte, egiturazko taldeak murriztu badira ere, bi jarduera esparruri eutsi dio elkarteak: Astigar Dantza Taldea eta Astigarraga aldizkaria. Biak ala biak sendo-tzen joan dira urteak joan ahala.