Kopraixen jaiak Itziarrera helduko dira abuztuaren lehen igandean, eta bost egunez festa giroa izango da nagusi.

Bigantxak, erromeriak, herri-kirolak, dantzak eta plazako jolasak ez dira faltako, eta azken urteotan sendotutako ohiturari jarraituz, igande iluntzeko kontzertu berezia Itziarko elizan egingo da aurten ere.

Ibilbide oparoa

2025ko edizioan Gari ariko da zuzenean. Hertzainak taldeko abeslari izandakoa ibilbide pertsonal luze eta aberatsaren 30. urteurrena ospatzen ari d.

Biraren baitan iritsiko da Itziarrera, abuztuaren 3ko gaueko 11.00etan, Maldanbera bandarekin: Alex Alonso (bateria), Oier Aldekoa (baxua), Miguel Moyano (gitarra) eta Iker Lauroba (teklatuak).

Abesti berriak

Garik zazpi disko plazaratu ditu bakarka, eta Maldanbera bandarekin beste hiru. Hasierako lan intimoagoetatik gaur egungo zuzeneko sutsuetaraino, bere musika ibilbidea Euskal Herriko eszena musikalaren parte garrantzitsua bihurtu da.

Itziarko kontzertuan abesti berriak aurkeztuko ditu, baita klasikoak berreskuratu ere, eta antolatzaileek iragarri dute “sorpresaren bat” ere izango dela.

Aspaldiko lotura

Kontzertu hau, gainera, Gariren eta Itziarren arteko lotura historiko bat gogoratzeko baliatuko da: 1980ko hamarkadan, Ziper taldearekin Mandiope dantzalekuko lehiaketa batean parte hartu zuen Garik, eta bigarren sailkatu ziren. 

Sarrerak jada salgai daude Gure Dendan eta Burugorri Ostatuan, 10 eurotan; eta kontzertuaren egunean bertan, 12 euroan. Online eskuratzeko aukera ere badago: labur.eus/gari30urte.