Fermin Muguruza artista irundarra etxera bueltatuko da datorren abuztuaren 14an, Urdanibia plazan doako kontzertu berezia emateko. Hitzordu hau ‘Muguruza FM (1984-2024)’ biraren barruan kokatzen da, Kortatu talde mitikoaren sorreraren 40. urteurrena ospatzeko eta artistak hamarkada bat baino gehiagoz nazioarteko agertokietatik urrun egon ondoren berriz taula gainera itzultzeko antolatu duen bira honetan.

Muguruzak adierazi du poz handia dela bere birak Irunen geldialdia egitea, eta bereziki nabarmendu nahi izan du hiri honetan jotzearen hautua: “Hondarribiko Udaletik ere izan nuen proposamena, eta hori eskertzeko modukoa da, benetan. Baina nik Irunen jo nahi nuen, hori baita benetako oparia”, azaldu du.

Era berean, Nuria Alzaga Irungo udaleko Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkio musikariari, eta azaldu du kontzertua Irungo udako musika hitzordu nagusietako bat izango dela: "Plazer handia da Fermin Muguruza etxean, Irunen, izatea. Gainera, bere auzoan joko du, plaza osoa beteko duen kontzertu berezi batekin", adierazi du.

Moskuko jaiak

Datari dagokionez, abeslariak azaldu duenez, Anoetako kontzertua ekainaren 14an izan zen, eta horregatik ezinezkoa zitzaion Sanmartzialetan jotzea. “Horregatik nik Moskuko jaiak proposatu nituen. Izan ere, ezin dut ahaztu ni Kortaturekin hasi nintzenean lehenengo kontzertuak zenbait tabernatan egin nituela, baina plaza batean egin nuen lehenengoa Moskuko jaietan izan zen 1985ean. Beraz, aurten 40 urte beteko dira hemen jo nuela”.

Muguruzak gogora ekarri ditu, era berean, bai Sanmartzialetan bai Moskuko jaietan eskaini izan dituen emanaldiak, baita 1988an Kilometroak euskeraren aldeko ekimena Irunen ospatu zenean Ruper Ordorikarekin batera Artaleku kiroldegian eman zuen kontzertua ere. “Negu Gorriak-ekin ez genuen kontzerturik egin, baina lehenengo diskaren lehen bideoklipa hemen, Moskun, grabatu genuen, existitzen ziren taberna guztietan”. 

Gainera, joan den abuztuan Bad Sound System taldearekin batera Irungo Peña kalean emandako kontzertua ere oroitu du. “Oso polita izan zen”, esan du, han belaunaldi ezberdinetako jendea bildu zela nabarmenduz.

Hiru orduko kontzertua

Abuztuaren 14ko kontzertua 21.00etan hasiko da, Iñigoren Dizipuloak taldearen eskutik. Iñigo Muguruza musikariaren ikasle ohiek sortutako talde honek hark parte hartu zuen musika taldeen ibilbidea errepasatzen du. Besteak beste, Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra edota Hiru Leike taldeen abestiak joko dituzte. “Haiek Moskukoak dira ere, eta, beraz, beraiek izan behar zuten kontzertu hau ireki behar zutenak”, azpimarratu du artistak.

Muguruzaren emanaldia 22.00etan hasiko da, eta hiru ordu iraungo dituela aurreratu du artistak. “Errepertorio osoa joko dugu, jakina; 40 urteko ibilbideak asko ematen du”, adierazi du. Gainera, jende ugari espero denez, Sargia parkean pantaila erraldoi bat jarriko da, kontzertua bertatik jarraitu ahal izateko.

Nazioarteko bira

Kontzertu hau Muguruzak Euskal Herrian eskainiko duen azkenaurrekoa izango da, urriaren 4an Iruñean emango duenaren aurretik. Azpimarratzekoa da ‘Muguruza FM (1984-2024)’ birak hainbat herrialdetatik eraman dituela Muguruza eta bere musikariak: Hego Amerikako hiriburu nagusietan, Berlinen, Erroman, Londresen edota Parisen aritu dira orain arte. Irunera, gainera, Japoniatik iritsiko dira zuzenean, herrialde horretako Fuji Rock jaialdian jo ondoren.