Partaidetzaren kultura sustatzeko, lankidetza publiko-sozialerako bitartekoak, herritarrek gai publikoetan esku hartzeko eta eragiteko dituzten tresnak eta bideak, herritarrek zein eskubide eta berme dituzten, nondik eta nola eska dezaketen informazioa, nola jar daitezkeen martxan udal mailako kontsultak, eta beste hainbat gai jasotzen ditu herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzen duen Oñatiko udal ordenantzak. Informazio guzti hau herritarrei modu erakargarri eta erabilgarrian hurbiltzeko gida bat atera du Udalak.
Araudia duela hiru urte, 2022an, onartu eta jarri zen indarrean. “Ordenantza luze eta mardul bat izanik, dokumentua oñatiarrengana gerturatu nahi izan dugu, eduki nagusiak era erraz eta bisualean jasoz. Izan ere, herritarren eta herritarrentzako ordenantza da. Eskubideak aitortzetik harago, parte hartzea sustatzera eta errazterako bidea izan nahi du araudi honek”, azaldu du Anik Zubizarreta zinegotziak.
“Herritarrek erabiltzeko ordenantza hau badagoela gogorarazi eta berau ulergarri egiteko prestatu dugu 'Izan parte, hartu hitza gida”, azpimarratu du Zubizarretak.
HAZ bulegoan eskuragarri
Horrez gain, ordenantzaren eta gidaren inguruko esku-orria ere banatu du Udalak etxeetara, , eduki guztia labur jasotzen duena. Gida eskuratu nahi duenak udaletxeko HAZ bulegoan eska dezake, euskaraz zein gazteleraz. Udal webgunean ere aurkitu daitezke, bai gida, bai esku-orria, bai eta ordenantza bere osotasunean ere. Zalantzaren bat duenak, udaleko partaidetza sailera jo dezake argibide bila (partaidetza@onati.eus/943 78 04 11 -126 luzapena-).