Arditurri Eguna igandean izango da eta Oiartzungo meatzeak doan bisitatu ahalko dira
Goiz osoan, jolasak, musika, jana eta edaria izango dira eta hegazti askatzea egingo dute eguerdi partean, besteak beste
Urtero bezala, Arditurri Eguna antolatu dute Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoakoako Parketxe Sarea Fundazioak elkarlanean. Ekimena igande goizean izango da, 10.30etik 14.00etara.
Ohi bezala doako bisitak eskainiko dira Arditurriko meategi nagusira. Baina aurten, urtean behin edo birritan baino irekitzen ez den Arditurri-3 erromatar garaiko meatze galeriara sartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Oinarrizko bisitan, Parketxetik aditzera ematen dutenez, “Arditurriko meatze gunearen bihotzera bisita denboran zehar egiten den bidaia da, bertan adimena, zentzuak eta emozioak nahasten direlarik”.
Iluminazioak eta soinuek paper garrantzitsua dute bisita honetan; horrela meazulo barruan giro magikoa sortzen dute, bisitaria meategi hauen garai ezberdinetara eramanez. Izan ere, teknologia berriei esker, 2.000 urtez Arditurriko meazulotan bizi izandako soinu eta giroa birsortu da: arrokek erortzean egiten duten soinua edo lakuen distiraz apainduriko isiltasuna.
Meazuloaren bisita esperientzia ahaztezina da dudarik gabe eta familia osorako, haur zein helduentzat aproposa da. Gainera, bisita irisgarria eta mugikortasun urritua dutenentzat egokia da.
Arditurri-3, ezezaguna
Bestalde, egun jakin batzuetan irekitzen duten Arditurri-3 galeria bisitatzeko aukera eskainiko zaie 14 urtetik gorakoei. Gutxitan zabaltzen dute gehiagotan irekitzeak galeria zaintzea zailduko lukeelako.
Arkeolan fundazioko hainbat kidek aurkitu zuten, 2009. urtean. Erromatar garaiko hainbat elementu arkeologiko ere aurkitu zituzten inguru horretan. Meazulo hau ez dago parketxean. 20 edo 25 minutu inguruko ibilaldi bat dago lubakiaren sarreraraino eta bertara iristeko panelak eta argibideak jarri dituzte. Meatze hau 2015ean bisitarientzat egokitu zuten.
Meategitara sartzeko ez da aurre-erreserbarik egingo: sarrerak egunean bertan banatuko dira, baina plaza mugatuak daude.
Beste jarduerak
11.00etatik aurrera jolasak eta tailerrak izango dira Abaraxka ludotekaren eskutik gazteenentzat. Ordu berean Luberri museoak antolaturiko fosilen tailerra egongo da adin guztikoentzat.
Goizeko 11.30ean euskal makila (borroka) jokoarenerakustaldia izango da ondare hori gordetzeaz eta berreskuratzeaz arduratzen ari den Oiartzungo elkarteak eskainita.
12.15ean hegazti askatzea izango da, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basabizi zentroan fauna jasotzeko, sendatzeko eta berreskuratzeko egiten den lana ezagutzera emango da, baita zenbait hegazti bertatik bertara ikusteko aukera ere.
Goiz osoan zehar jan-edari zerbitzua egongo da eta, baita zuzeneko musika ere. Antolatzaileek herritarrak oinez edo bizikletan joatera animatu dituzte, eta bizikletak uzteko toki egokia prestatu dute.
Informazio gehiago izateko 943 494 248 edo 688 895 068 telefonoetara deitu edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora idatz daiteke.
Temas
Más en Bertan
-
Un ejército de DJ, listo para invadir Elgoibar el 19 de julio
-
La biblioteca Dumboa: un universo literario de casi 11.000 libros
-
“Hoy miramos la historia del clima de una manera más ‘científica’, pero nuestros abuelos recurrían a la religión, los mitos...”
-
Urnieta recibe las conclusiones del diagnóstico sobre la vivienda