Síguenos en redes sociales:

Dena prest Azkoitian Urrategiko Ama Birjinaren jaiak ospatzeko

Mus txapelketa, bazkaria, bertsoak, trikitixa, meza, magia, umeentzako jolasak, herri kirolak eta erromeria asteburuko egitarauan

Dena prest Azkoitian Urrategiko Ama Birjinaren jaiak ospatzekoAitor

Azkoitiko Urrategi auzoan ostiralean hasiko dira jaiak, eta hiru egunez ospatuko dute Urrategiko Amaren eguna.

Mus txapelketa ostiralean

Mus txapelketarekin abiatuko dituzte festak ostiral gauean (22.00etan), auzoko elkartean. Irabazleek txapelak eta 350 euro eskuratuko dituzte ; txapeldunordeak, 150 euro; hirugarren sailkatuak, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria; eta azkenik, laugarren bikote onenak bi txuleta eskuratuko ditu. Izena txapelketa hasi aurretik eman beharko da elkartean bertan, 20 euroren truke. Lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara jokatuko dute txapelketa.

Asteburuko egitaraua

Larunbatean, auzotarren bazkaria egingo da, eta igandean egun osoko egitaraua izango da: goizean mezak eta hamaiketakoa, 12.30ean bertso saioa Joanes eta Xabat Illarregi anaiekin, eta ondoren trikiti emanaldia Zabale, Aintzane eta Lutxurdioren eskutik.

Arratsaldeko 16.00etatik aurrera, haurrentzako jolasak, Iago Magoaren ikuskizuna eta herri kirol saioa izango dira, parte-hartzaile ezagunekin: Goenatxo III.a, Haritz Aranguren eta Udane Ostolazaharria jasotzen, eta Karmele Gisasola eta Malen Barrenetxea aizkorarekin. Eguna amaitzeko, erromeria izango da Zabale,Aintzane eta Lutxurdio trikitilariekin.

Autobusa igandean

Datorren igandean, Urrategira joan-etorrian autobusa ibiliko da, auzoko festak ospatzen direla-eta. Autobusa bueltaka ibiliko da goizez 8.30etik eguerdiko 14.30era arte, eta arratsaldez, 16.00etatik 20.00etara bitartean.

Autobusa Julio Urkixoko geralekutik aterako da (Eroski Consum aurretik). Ez da aurrez izenik eman behar, eta zerbitzua doan eskainiko da.