Síguenos en redes sociales:

Oiartzungo festetan hesiak zaintzeko langileak behar dituzte

Hamaika pertsona kontratatuko ditu Udakal eta uztailaren 18ra arte aurkez daiteke eskaera

Oiartzungo festetan hesiak zaintzeko langileak behar dituzteN.G.

Xanisteban jaietan hesien zaintzan eta beste zenbait lanetan laguntzeko hamaika pertsona kontratatuko ditu Oiartzungo Udala. Lan-eskaintzan izena emateko epea zabaldu dute, eta ia bi astez egongo da eskaerak aurkezteko tartea, uztailaren 18ra bitarte.

Herriko festetan lan egin ahal izateko lau dira bete beharreko baldintzak: 18 urte beteta izatea, langabezian egotea kontratuaren hasiera datan (abuztuak 2), eskola ziurtagiria izatea eta B2 euskara maila egiaztatzea (ziurtagiririk ez dutenek euskara froga egiteko aukera izango dute).

Hiru bide egongo dira eskaerak aurkezteko: Lanbiden argitaratu den lan-eskaintzan izena emanda, udaletxeko egoitza elektronikotik eskaera aurkeztuta edo Herritarren Arreta Zerbitzura joanda.

HAZ bulego berria

Oiartzungo Udalak berriki Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) zabaldu du. Udaletxe ondoko eraikinean kokatu dute arreta integrala eskaintzeko bulegoa, Done Eztebe 2-behea helbidean.

Arreta osoa eskainiko duen bulego berrian egingo dituzte ohiko tramite guztiak: ohiko eskaerak bideratu, hondakinetako kuboak jaso, errolda agiria eskuratu, erreziboak ordaindu, ohiko zalantzak argitu…

Zerbitzua indartu eta ordutegia zabaldu du Udalak: lau langile egongo dira bertan lanean, goizeko 7.30etik 15.00etara arreta eskaintzeko, astelehenetik ostiralera.

Zozketa, 21ean

Bestalde, jasotzen diren eskaera guztien artean zozketa bidez erabakiko da nortzuk ariko diren laguntzaile lanetan. Uztailaren 21an egingo dute, 15.00etan, udaletxeko areto nagusian. Bertan egon beharko dute izena eman dutenek baldinzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ikasketa ziurtagiria eraman beharko dute, baita euskara egiaztagiria ere, baldin badute.

Xehetasun guztiak, esteka honetan aurki daitezke