620.000 euroko kreditu aldaketa baten berri eman du Usurbilgo Udalak azkeneko osoko bilkuran. Diru kopuru hau diruzaintza gerakinetik hartu ostean, 920.000 euro daude oraindik ere erabilgarri.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zuenez, kreditu aldaketak, batik bat, aurrez sortutako partidetan diru gehiago txertatzeko balioko du, baina sortu diren lau behar berri nabarmendu zituen ere.
Batetik, kreditu aldaketaren erdia baino gehiago Aginagako saneamenduko obrak egitera bideratuko da, 390.000 euro, Udalak Añarberekin hartutako konpromisoari eutsiz. Bestetik, Udalak Beterri-Buruntzari urtero egin beharreko ekarpena handitu egin behar da, 75.000 eurotik 95.800 euro ingurura; sortu berri den mankomunitatea langile taldea osatzeak eta indartzeak ekarri du Udalen ekarpena handitzeko beharra.
Horrekin batera, Txokoaldeko zubiaren obrak tarteko taxi zerbitzua eskaintzeko beste 35.000 euro bideratuko dira, batik bat, autorik ez duten herritarrei zein eskola orduetako joan-etorriak bermatzeko. Azkenik, Aginaga biziberritzeko garatzear den proiekturako 18.000 euro gehiago bideratuko dira.
Aurrekontua 21 milioitara iritsi da
Urteko bigarren kreditu aldaketa da honakoa. Lehenengoan, 5,2 milioi euro pasatu ziren 2024ko aurrekontuetatik aurtengoetara, aurrekontua 20.451.794,71 eurora igoz. Bigarren honekin, beraz, 2025eko aurrekontua 21.071.461,98 eurokoa da.
Alkateak aditzera eman zuenez, urtean bizpahiru kreditu aldaketa egiten dituzte: “udal sailei galdetzen zaie ea beharrik ote duten aurreikusi gabeko partidei edo kreditu gehiago behar dituzten partidei erantzuteko, eta horren arabera egiten dira kreditu aldaketak”.
Honen harira, EAJk udal Gobernuari eskatu zion, behartuta ez badago ere, gustatuko litzaiekeela kreditu aldaketak egiterakoan ekarpenak egitea. Solaberrietak erantzun zion halakoak nahi beste egin daitezkeela, eta aurrekontuen negoziazioetatik harago, proposamenak edonoiz egin ditzaketela eta udal Gobernua ekarpenak entzuteko prest dagoela.
Larrialdietarako plana
Bestalde, osoko bilkura berdinean, Udal Larrialdietarako Plana onartu zuten, aho batez. Usurbil, legez, ez dago behartuta halako plan bat izatera, 20.000 biztanle baino gutxiago dituelako; 5.000 biztanletik gorako udalerriei edukitzea aholkatzen zaie, ordea.
Udalak larrialdietarako plana egin zuen 2014an, eta ordukoa eguneratu dute orain: Udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren laguntza izan du.
Alkateak nabarmendu zuenez, larrialdi klimatikoko testuinguruan, “oso beharrezkoa” da halako plan bat onartua izatea, zer gerta ere. Planaren sarreran hala jaso dute: “Gaur egun, zoritxarrez, gero eta maizago gertatzen dira arrazoi naturalen nahiz akats teknikoen edo gizakien akatsen ondoriozko istripu, hondamen eta hondamendiak gure gizartean. (...) Beraz, beharrezkoa da larrialdiko egoera horiei erantzuteko antolaketa bat, sinplea, malgua, azkarra eta eraginkorra izatea”.
Planak hainbat atal ditu, besteak beste, larrialdietan esku hartzeko antolamendu egitura eta prozedurak nola eratu; arriskuak eta elementu ahulak identifikatu eta arriskuak saihesteko edo gutxitzeko prebentzio neurriak zehaztu.