Irunek jada prest dauka aurtengo Euskal Jira. Festaren 45. edizioa abuztuaren 8tik 10era bitartean ospatuko da, eta, Iñaki Olazabal Euskal Jirako lehendakariak nabarmendu duenez, "oso edizio berezia izango da".

Izan ere, Jira berrikuntza garrantzitsuekin dator: desfilea goizez egingo da eta herri bazkaria berreskuratuko da. Olazabalen hitzetan, “hausnarketa sakon baten ondoren” hartu dute erabakia: “Jira 11.00etan hasiko da lehen aldiz, etorkizuna bermatzeko aldaketak behar zirelako. Gainera, aspaldiko herri bazkaria berreskuratuko dugu, aurten Santiagoko frontoian egingo dena eta 500 pertsona inguru elkartzea espero dugu”.

Aurtengo desfilean bederatzi gurdik hartuko dute parte: Euskal Jira, Hendaia, Euskal Kirolak, Santiago, Behobia, Landetxa, Kemen, Foro 21 eta Meaka. Egunean zehar, Euskal Herri osoko bederatzi dantza talde izango dira protagonista, eta musika ere ez da faltako: Alboka, Oiasso Txaranga, Auntxa Trikitixa Taldea, Maltzeta, Baztango Akordeoiak eta Txorimaloak Soinu Taldeak alaituko dute giroa.

Bazkarirako sarrerak

Bazkarirako sarrerak Sanmartzialetako Herri Bazkariaren salmenta sistemaren antzera salduko dira, hau da, emailaren bitartez, Euskal Jirak bere sare sozialetan eta webgunean azalduko duen bezala. Gainera, helduentzako zein haurrentzako menua egongo dira.

"Herri Bazkaria Euskal Jirarako aurrerapauso handia izango dela uste dugu", adierazi du Olazabalek. "Beste herrietan horrelako festak egiten direnean ere herri bazkariak daude. Irunen lehen urtea izango da, beraz, goazen ikustera herritarrek zer nolako harrera ematen dioten", gaineratu du. Azkenik, "oso girpo polita" egongo dela nabarmendu du, "Irungo jendearekin eta kanpotik datozen dantzari eta musikariekin".

Kalejira eta emanaldiak

Bazkaria amaitutakoan, kalejira txiki bat egingo da Santiagotik Urdanibia plazaraino. Arratsaldean, dantzarien eta musikarien emanaldiez gozatu ahal izango da, baita Kemenen urteroko erromeriaz ere. Gauean, berriz, berbena izango da, eta ondoren DJ batek giroa jarriko du.

Bukatzeko, antolatzaileek aurreratu dute aurten ere Artisau Azoka izango dela, larunbat goizez zein arratsaldez, Eskuzlan elkartearen eskutik eta Hospital Zaharraren inguruan. Gainera, Urdanibia plazan, urtero legez, sardinak eta taloak jateko aukera izango da, eta aurten bigarren txosna bat jarriko da, "jendea gusturago egon dadin".

Hiru egunetako festa

Cristina Laborda alkateak esan duenez, pasa den urteko edizioan egin zen moduan, eta horrek izan zuen arrakastaren ondorioz, aurten ere festa ostiralean hasiko da.

Egun horretan, arratsaldeko lehen orduetan Irungo Atsegiñaren konpartsako erraldoi eta buruhandien desfilea abiatuko da Urdanibia plazatik, kaleetan zehar ibiliko dira, eta berriro plazara itzuliko dira. Ondoren, txosna irekiko da, edari freskagarriak eta taloak eskainiz, eta aldi berean haurrentzako jolasak eta gaztelu puzgarriak izango dira, txikienek ere ondo pasa dezaten. Giroa berotzen hasita, Kantu Jira bat egingo da San Juan plaza eta Urdanibia plaza inguruan, parte hartzaileak abestuz eta dantzan ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Iluntzean, Matraka elektrotxaranga igoko da oholtzara, eta gauerdia hurbiltzean, kontzertu batek emango dio amaiera egunari, plazan bertan.

Bestalde, ohikoa denez, igandean, 11.30etan hasita, Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da Urdanibia plazan.

Familientzako plan bikaina

Nuria Alzaga kultura zinegotziak nabarmendu duenez, ordutegi berriek eta asteburu osoko egitarauak festa are egokiago bihurtzen dute familientzat: “Familiarekin gozatzeko aukera paregabea da. Hiru eguneko jaia da, eta urtez urte handitzen eta sendotzen ari da”.

Amaitzeko, Alzagak eta Labordak herritarrei parte hartzeko deia egin diete, gogoraraziz “denok garela festa honen parte” eta, horregatik, Jiraren etorkizuna guztion inplikazioarekin bermatu nahi dela.