Andoaingo San Juan festetan bete-betean murgilduta gaude, hilaren 20an hasi, eta 25ean izango baitute amaiera jaiek. Asteartea egun berezia izango da, ordea, San Juan eguna izanik, Axeri Dantza ospetsuaren eguna baita, eta aurtengoak aparteko berezitasunak izan baititu.

Izan ere, aurten Axeri Dantza berreskuratu zeneko urtearen 50. urteurrena ospatu da, 1975ean hasi baitziren dantza hau berriz egiten. Gainera, emakumeen parte hartzea hasi zenaren 25.urteurrena ere bada, 2000an hasi baitziren emakumeak Axeri Dantza dantzatzen.

Eguraldia lagun

Giro ederrean heldu dira Axeri dantzariak Andoaingo Goikoplazara, Olagaingo txistulariekin batera, kalejiran. Ondoren, udaletxeko balkoira igo dira Axeri Dantzaren aldeko hainbat eragile, azken urteotan beren buruzagi izan diren hiru kapitainekin batera: Juantxo Arregi, Xatonio Irazu, eta Izaskun Beraza.

Behin udaletxeko balkoitik, pregoia irakurri diote Andoaingo herriari. Aurtengoa gainera, Axeri Dantza bezalaxe, berezia izan da, eta orain arte egindako borroka gogoan hartu dute andoaindarrek.

Urteurren bikoitza

Blusa gorria soinean eta zapia buruan, 50. urteurrena ospatuz, Lizar Makil dantza taldea eskertu dute 1975ean dantza historikoa berreskuratzeagatik. Horrekin batera, 2000. urtera arte egindako lana azpimarratu dute, emakumeek Axeri Dantzan eta herriko festetan beren lekua lortzeko egin duten lan guztiagatik.

Horrez gain, ez da herriko eragile ezberdinei eskertzeko tartea falta izan, egindako ibilbidean "ezinbesteko bidelagunak" izan diren txistulari, txalapartari, bertsolari, eta dultzaineroak eskertu dituzte, besteak beste.