Aurtengo Santa Ana jaietako txupinazoa Larrunarri Abesbatzak botako du, baina elkartearekin batera beste pertsona edo talde batek ere parte hartuko du. Ordiziako herritarrek izango dute erabakia hartzeko aukera, eta jada irekita dago hautagaitzak aurkezteko epea.

Ordizian, txupinazoa urtero urteurrena ospatzen duen elkarte batek botatzen du, baina aurtengo berrikuntzarekin Udalak parte-hartzea zabaldu nahi izan du. Herritarrek proposatutako hautagaitzen artean lau finalista aukeratuko ditu Udalak, eta ekainaren 27an jakinaraziko ditu finalisten izenak. Ondoren, bigarren bozketa bat egingo da, eta herritarrek erabakiko dute nork izango duen txupinazoa botatzeko ohorea. 

Manex Berzosa kultur zinegotziak adierazi duenez, “herriari egindako ekarpenak kontuan hartuko dira, baita norbere arloan izandako merituak, bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana”.

Proposamenak ekainaren 25era arte jasoko dira, komunikazioa@ordizia.eus helbide elektronikora idatzita, 688 81 75 83 zenbakira WhatsApp mezua bidalita, sare sozialen bidez edo Barrenan jarri den kutxan proposamena utzita.

Uztailaren bigarren astean jakinaraziko da nork botako duen Larrunarri Abesbatzarekin batera 2025eko Santa Ana jaietako txupinazo nagusia.