Lezok herriko leku, txoko, naturgune, eraikin eta pertsonaiak biltzen dituen mapa aurkeztu du aste honetan. Ekimena Errota guraso elkarteak jarri zuen martxan eta hasiera batean haurrentzako koloreztatzeko Lezoko mapa txiki bat izan behar zuena, handi bihurtu eta herriko ondarea jasotzen duen tresna da. Mapa modu erraz eta interaktiboan erabil daiteke eta datozen egunetan iritsiko da Lezoko etxeetara.
Aurkezpenean gogorazi zutenez, Errota guraso taldea Lezoko mapa egiteko ikerketa lanetan hasi zen, Pasaia-Lezo Lizeoaren laguntzarekin. Elementu guztien inguruko informazioa biltzen hasi ziren eta Hezkuntza Foroan aurkeztu zuten proiektua eta bertan herri mailan zabalkundea emateko erabakia hartu zen.
Lezo herri hezitzailea izateko helburua du Hezkuntza Foroak, eta mapak honekin bat egiten du.
Herrirako tresna
Mapa ikastetxeetan eta ikastetxeetatik kanpo, edonon, erabiltzeko pentsatuta dago, herriko ondarearen transmisioa egiteko eta herri nortasuna indartzeko. Hortaz, datozen egunetan etxez etxe buzoneatuko da eta Andreone liburutegian ere bi mapa erabilgarri daude.
Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi zuenez, horregatik zabalduko zaie herritar guztiei, ez delako herriko gaztetxoenei bakarrik zuzentzen, nahiz eta haientzat egina dagoen: “Badakigu herri baten ondare kulturala eta naturala denon artean ezagutu, mantendu eta zaindu behar dela. Herri nortasuna indartzeko tresna izango da”. Alkateak proiektu hau herritik eta herriarentzat sortu zela nabarmendu zuen.
Errotako Ane Aznar Ugaldek eta Itziar Salaberria Arregik maparen zehaztasunak azaldu zituzten. Euskal Herrian horrelako maparik badago eta ideia horretan oinarrituta Lezokoa egitea erabaki zuten.
Helduentzako tresna ere
Informazioa biltzen hasterako konturatu ziren gauza asko daudela herrian kontatzeko eta bidelagunak topatu zituzten informazio guztia osatu ahal izateko.
Herriko ondarea bildu eta gaztetxoenei transmititzea izan da tresna honen helburua. Horregatik mapa margotzeko irudia da, fondo txuria eta lerro beltzez egindako siluetekin osatuta.
Atzekaldean Lezoko txokoak, pertsonaiak, naturguneak, kirol esparruak, auzoak… eta beste hainbat leku esanguratsuren informazioa jaso dute.
Baina helduentzako tresna ere izan daiteke Lezoko historia, kultura eta ondarea ezagutzeko. Bertan jasotzen den informazioa baserriz baserri, artxiboetan eta ikasleen guraso eta aiton-amonei galdetuta lortu dute.
Hala ere, norbaitek gai hauetan gehiago sakondu nahiko balu, mapan QR kode bat dago eta hau deskargatuta Lezoko Andreone liburutegian herriko historiaren inguruan dauden liburu guztien zerrenda ikus daiteke.
Lan handiko proiektua izan da, pertsona askoren laguntzaz osatu dutena. Laguntzaileen lana eskertu dute Errotako kideek, eta maparen ibilbidea luzea izan dadin espero dute.