Larunbatean irekiko du Oiartzungo Udalak udako igerilekua. Beraz, hiru hilabetez egongo da zabalik, ekainaren 14tik irailaren 14ra (biak barne). Ekaineko, abuztuko eta iraileko ordutegia 11.00etatik 20.00etara izango da eta uztailean, 10.00etan ireki eta 21.00etan itxiko da. Abuztuaren 3an herriko jai eguna delako itxi egingo da.

Elorsoro kiroldegiko bazkideek bazkidetzan jasota dute udako igerilekuaren zerbitzua. Gainerakoek, urteroko moduan, bonoak eta eguneko txartelak erosi ahal izango dituzte igerilekura sartzeko.

Denboraldiko bonoak

Hauek dira denboraldiko bonuaren prezioak: helduen banakakoa 105,75 €; gazteen banakakoa 70,54 € eta familiako bonua 140,97 €. Azken kasu honetan prezio bereziak ere egongo dira: gurasobakarreko familiek edo familia ugarien bonua 98,69 € izango da, eta 13.500 euroko diru-sarrerak gainditzen ez dituzten familiek doan izango dute (bonua erostean egiaztatu beharko dute baldintza hori).

Egunekoaren prezioa 4,60 € izango da 16 urtetik beherakoentzat (5 urtez beheitikoak doan izango dute) eta 9,05 € 16 urte edo gehiago dituztenentzat. Ohi bezala, sarrerak bosnaka erosteko aukera izango da aurten ere: 18,15 €an gazteenak eta 36,05 €an helduenak.