Asteburu honetan hasiko da Dantzaburua izeneko dantza ekitaldia Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Udalerriko dantza taldeek hartuko dute parte ekimenean, eta bost egunetan zehar beren dantzari guztiak taula gainera eramango dituzte.

Lehen emanaldia ostiral honetan, hilak 13, izango da, 19.00etan, Pilar Peña Dantza Eskolako ikasleen eskutik. Hurrengo egunean, larunbatean, Amaiyuu Dantza Studio eskolako ikasleek bi saio eskainiko dituzte, 18.00etan eta 19.00etan. Igandean, hilak 15, 19.00etan, Carlos Zapirain Dantza Eskolak hartuko du agertokia.

Dantzaburua jaialdiaren aurtengo kartela. N.G.

Ekitaldiak hurrengo asteburuan izango du jarraipena: ostiralean, hilaren 20an, berriz ere Pilar Peña Dantza Eskolako ikasleek emanaldi berri bat eskainiko dute, 19.00etan. Azkenik, larunbatean, hilaren 21ean, Gym Jazz Kuki García dantza eskolako ikasleek itxiko dute egitaraua, 17.30ean izango den saioarekin.

Sarrerak 3 euroan egongo dira eskuragarri Kutxabank-eko webgunean, Arma Plazan eta Itsas Etxea Auditoriumean, emanaldiak hasi baino bi ordu lehenagotik.