Lezoko Mendekoste jaiak ospatuko ditu ekainaren 6tik 8ra bitarte eta aurten Jai Batzordeak 30 ekitaldi inguru prestatu ditu, gazte zein helduentzat. “Oso programa herrikoia da, zabala”, adierazi zuen Jon Legorburu Kultura zinegotziak aste honetan egindako aurkezpenean. Lezoko Udala oso pozik dago Jai Batzordeko eragile eta taldeekin, “euren lanari eta jarrerari esker antola daitezkelako jaiak”.

Urtero legez, Portutik iritsiko diren Zabarre eta Maria Labaieienen etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak. Une hori koloretsuago izan dadin, herritarrei pirataz jazteko deialdia egin zien Legorburuk: “Ez soilik gazteak, helduak ere pirataz jaztera gonbidatzen ditugu”.

Egitaraua

Xanti Valek, Kultura teknikariak, programaren berri eman zuen modu zehatzagoan Jai Batzordeak proposatu dituen hainbat ekitaldi aipatuz: Afari autogestionatu herrikoia ostiralean, Arkirun Klubeko finalak, dantzak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak, kalejirak eta beste asko izango dira. 

Aipatzekoak dira ere larunbateko XX. mende hasierako erromerien dantzen erakustaldia eta Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren eta Lezoko Dantzazaleen ikuskizuna herrian zehar eta igandeko gazte sortzaileen azoka.

Aniztasunak aberasten ditu herriko festak eta gustu guztietarako hitzorduak izango dira. Programa Lezoko etxeetara iristen ari da eta ikusgarri dago Lezoko Udalaren webgunean (www.lezo.eus).

Legorburuk aditzera eman zuenez, hiru egun hauetan festa giroa izan dadin nagusi, funtsezkoa da jaiak errespetuz eta parekotasunez bizitzea. “Jai Batzordeak, Udalak eta Lezoko Mugimendu Feministak lan handia egiten dute indarkeria matxistarik gabeko eta beste inolako erasorik gabeko jaien alde. Horregatik, indarkeria matxistaren aurrean arreta edo salaketa jartzeko telefonoa egongo da (688 696 204) ostiral eta larunbat gauetan 00.00etatik 6.00etara eta puntu morea jarriko dugu ekainaren 7an 18.00etatik 21.00etara Pikukalen”, azaldu zuen zinegotziak.

Euskal Jaiak

Ondoren, ekainaren 14ean ospatuko diren Euskal Jaiak aurkeztu zituen teknikariak ere. Festetatik kanpo baina aurten jarraian izango dira, hortaz, egitaraua plazaratu zuten. 

Egun guztian zehar ekitaldiak antolatu dituzte. Dianarekin abiatuta musikaz eta dantzaz beteko da goiza, 12.00etan Iparraldeko Herri Kirolak izango dira eta ondoren, herri bazkaria egongo da Lezo Herri Eskolako Patioan. 

Arratsaldean giza proba egongo da. Lezo eta Astigarraga herriek harri proba egingo dute probalekuan. 18.00etatik aurrera Sagardo Festa izango da eta azkeneko ekitaldia 19.30ean Gurutze Santuaren plazan egingo den Larrain dantza izango da.