Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak 20 urte bete ditu eta bi hamarkada hauetan 2.000 emakume baino gehiagok parte hartu dute antolatutako ikastaroetan. Datak eta zerbitzu honen arrakastak hala merezita ekainaren 6an, festa eder batekin ospatuko dute urteurren borobila Udalak eta Hernananiko Berdintasun Kontseiluak Kulturarteko Plaza Feministan.
“Askotariko ikastaroak eskaini ditu eta eskaintzen ditu Hernaniko Emakumeen Jabetze Eskolak”, azaldu zuen Itsaso Lekuonak, Berdintasun zinegotziak, festa honen aurkezpenean,“baina beti helburu berarekin: emakumeak ahalduntzea, emakumeen arteko sareak ehuntzea eta kontzientzia feminista sustatzea”.
Ekainaren 6ko festa 17.30ean hasiko da irrintzi, zaghareet eta ezgariekin. Ondoren, Jenny Perlazarekin dantzaldia izango da eta gero, karaokea. Norberak gustuko kanta aukeratu dezake (https://erabili.liberaforms.org/bizitza-kantu-bat-da.-karaokea), bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan. Festa mokaduarekin bukatuko da.
Antolatzaileek jakinarazi zutenez, festa irekia da eta Jabetze Eskolan urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeen “topaleku” izan nahi du. “Bereziki emakume horiei gonbidapena luzatzen diegu”, esan zuen zinegotziak.
Hernani, aitzindarietako bat
Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak jarri zuen Jabetze Eskolaren proiektua martxan duela 20 urte. Hernaniko Jabetze Eskola Gipuzkoa mailan gisa honetako proiektuen artean aitzindarietako bat izan zen. Irantzu Jauregi, Berdintasun teknikaria, hasieratik egon zen proiektu honetan. “Gipuzkoan lau herri izan ginen: Eibar, Arrasate, Irun eta gu. Gaur egun Udaletan Berdintasun saila dago, baina garai hartan oso gutxi ginen Berdintasun saila geneukanak. Gu bizkaitarrei begiratu genien, han Jabekuntza Eskola deitu zioten. Ermua, Getxo eta Basauri zeuden eta handik pixka batera Ondarroa sartu zen. Guk haiei begira Gipuzkoan hasi ginen”, gogorazi du egunkari honekin izandako elkarrizketa batean.
Jabetze Eskolak ikastaro eta gai ezberdinetaz baliatzen dira emakumeen ahalduntzea lortzeko, beti ere parte-hartze soziopolitikoari begira. Gaur egun helburua berdina jarraitzen du izaten. “Sistema baten parte garela kontzientzia hartu behar dugu, beti ere parte-hartzeari begira. Jabetze Eskolak ez du soilik formakuntza indibiduala bilatzen, baizik eta kolektiboki pentsatutakoa”, azpimarratu du.
Saioa Iraola koordinatzaileak gaineratu duenez beste helburuetako bat emakumeen saretzea da. “Alde batetik geroz eta jendarte indibidualizatuago batean bizi gara eta beste alde batetik, emakumeak oso eremu pribatura, zaintza eta erreproduzio lanetara, mugatu izan dira urte askotan”, nabarmendu du Iraolak. Hernaniko Jabetze Eskola sortu zenean, emakumeen enpleguratze zabalago batekin kointziditu zuen, baina oraindik ere emakumeak arduratzen ziren eta arduratzen dira gehienbat zaintzaz eta etxe eremuko lanetaz.
Kulturarteko Plaza Feminista
Hernaniko Jabetze Eskolarentzat 2021. urtea inflexio puntu bat izan zen. Urte horretan Kulturarteko Plaza Feminista zabaldu zen, feminismoaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako espazioa. “Ekipamendu honek erreferentzialtasuna eman digu, lehen ere Jabetze Eskolako ikastaroak antolatzen ziren, baina modu sakabanatuago batean. Orain, jendeak badaki nora jo behar duen. Beti egon gara Amher SOS Arrazakeriarekin kolaboratzen, baina orain espazioa partekatzen dugu eta Hernanira etorri berri diren bizilagunak Amherreko bulegora joaten direnean ikusten dituzte gure ikastaroak. Kulturarteko Plaza Feminista zabaldu zenetik asko hazi dira izen-emateak”, kointziditu dute teknikariak eta koordinatzaileak. Urtero 200 parte-hartzaile izaten dituzte.
Tamalez, Iraolak eta Jauregik gaur egun eta etorkizunean Jabetze Eskolak beharrezkoak izango direla uste dute. Koordinatzaileak argudiatu duenez, gaur egun emakumeek oraindik hainbat indarkeri jasaten ditugu emakume izanagatik: soldata eta lan prekarioetatik hasi eta sexu-erasoetaraino.
Jauregik eskuin-muturreko indarrek Europan eta gainontzeko herrietan izaten ari diren gorakadan jarri zuen jomuga. “Azkeneko hamarkadetan feminismoak eta mugimendu feministak indar handia hartu du, baina historian zehar beti daude erregresio momentuak”, adierazi du.
Horiek horrela, datozen urteetara begira ikuspegi feminista argia duten ikastaroak programatzen jarraituko dute eta bi erronka izango dituzte: aniztasuna hauspotzea eta neska gazteak erakartzea.