Ezkio-Itsaso oso herri sakabanatua da eta urte luzetan bizilagunen eskaera nagusia eskola sortzea izan zen, herriko haurrek herrian bertan ikasteko aukera izan zezaten eta herritarren arteko hartu-emana sustatzeko. 2014-2015. ikasturtean ametsa bete zuten. Aurtengoa hamaikagarren ikasturtea dute. Ekainaren 8an Gipuzkoako eskola txikien festa ospatuko dute Santa Lutzi auzoan. Lehenengoz antolatu dute festa hori.

Edurne Bidekieta Eskisabel irakasle legorretarrak primeran hitz egin dezake hamaika urte hauetan egindako lanari buruz, hasieratik baita Ezkio-Itsasoko eskolako irakasle. “Eskola sortu berri batean lan egin behar nuela esan zidatenean, bertigoa sentitu nuen. Zalantza asko. Izan ere, ez gaude ikastetxe bat martxan jartzera ohituta. Martxan dauden ikastetxeetan lan egin ohi dugu. Hasieran bi irakasle bakarrik ginen: Simone Begiristain eta ni. Ikasleak, berriz, hamar ziren: 2 urteko sei eta 3 urteko lau”.

Bidea “neketsua, baina oso positiboa” izan dela dio. “Oso eskertuta nago izan dudan aukeragatik. Asko ikasi dut. Metodologia, harremanak, komunitatea... dena zegoen eraikitzeko. Dena eraiki eta sendotu behar izan dugu”.

Ikasturte bakoitzean maila bat gehitu diote ikastetxeari. Egun, 62 ikasle dituzte: 2 urtetik, Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitartekoak. Hezkuntza komunitatea 62 ikasle horiek, 39 familik eta 12 irakaslek osatzen dute. Ikasle eta familia gehienak Ezkio-Itsasokoak dira, noski, baina Beasaingo Astigarreta auzokoak eta Urretxu eta Zumarragakoak ere badituzte. Ikasleek, Lehen Hezkuntzako 6. maila egin ondoren, Beasain, Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan jarraitzen dituzte ikasketak.

Eskola txikietan ohi den bezala, adin ezberdinetako ikasleek elkarrekin ikasten dute. “Ez gaude gelaka antolatuta. Zazpi gune ditugu. Gune bakoitza arlo bati lotuta dago: zientzia, hizkuntza, jostundegia, aroztegia, matematika... Denok denokin aritzen gara, baina ikasleak bi etapatan antolatuta daude: 2-6 urtekoak eta 6-12 urtekoak. Atsedenaldia denek elkarrekin egiten dute eta txangoetara ere denak elkarrekin joaten dira”.

Eskola txikietan ezin dute adin bakoitzekoei gela bat eskaini, ikasle gutxi baitituzte horretarako. Adin ezberdinetakoek elkarrekin ikasi beharra dute eta horrek oso gauza positiboak ditu: haurrak adin ezberdinekoekin ibiltzera ohitzen dira eta komunitatea sendotzeko balio du. Hori zen Ezkio-Itsasoko ikastetxearen helburuetako bat eta Asier Sasieta gurasoak eskolak fruituak eman dituela uste du. “Itsason bizi gara eta alaba herriko eskolara etortzen da. Alaba jaio zenerako, eskola martxan zegoen. Haurrek dagoeneko ez dute kanpora joan beharrik eta eskolak herriko jendeak elkar ezagutzea ekarri du”.

Asier Sasieta eta Edurne Bidekieta. Asier Zaldua

Eskola txikiek arazo eta premia bereziak dituzte eta, hori dela eta, eskola txikien sarea dute. Eskola ezberdinetako ikasle eta gurasoek bilerak egiten dituzte beraien jardunaz hitz egiteko. Horretaz gain, urtero eskola txikien festa antola-tzen dute. Aurtengoa Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan egingo dute, ekainaren 8an. “27 eskola txiki daude Gipuzkoan eta festa txandaka antolatzen dugu. Gurea sortu zenean, zerrendan sartu ginen. Festa antolatzeko ordua ez da garai txarrean iritsi. Festaren helburua sarea indarzea da. Ez du helburu ekonomikorik. Bizirik gaudela aldarrikatu nahi dugu. Lekukoa Adunak pasa zigun eta guk Zizurkilgo Mendigain eskolari pasako diogu”.

Ekainaren 8an 1.000 lagun inguru elkartzea espero dute. Festak bi gune izango ditu:eskola ingurukoa eta udaletxe ingurukoa. Festa 10.30ean hasiko da., harrerarekin. Ekitaldi hori ikastetxean izango da. Ondoren, hainbat ekintza izango dira: txalaparta ikastaroa, aurpegi margoketa, puzgarriak... Horretaz gain, Ataungo Jentilbaratza taldeak Marimunduko eta bere lagunen komeriak lana antzeztuko du. 

Bazkaria eta arratsaldeko ekitaldiak udaletxe inguruko gunean izango dira. Arratsaldean, txaranga batek joko du, mago batek magia ikuskizuna eskainiko du eta Potx eta Lotx pailazoen saioaz gozatzeko aukera izango da.

Ilusio handiarekin lan egiten ari dira. “Festa honek komunitatea sendotzen lagundu digu. Eta haurrak oso pozik daude: koreografia bat prestatzen ari dira, kartelak eta murala egin behar dituzte, aurkezpen prentsaurrekoan parte hartuko dute...”.