Legorretarrak prest Azintzio Jaiei hasiera emateko
Jaiei hasiera emateko txupinazoa Legoreggae jaialdiko antolatzaileek botako dute asteazken arratsaldean
Asteazkenetik igandera bitartean, dibertsioa eta algarak izango dira protagonista nagusi Legorretan, lehertzear baitaudeAzintzio Jaiak 2025. Jaiei hasiera emateko txupinazoa Legoreggae jaialdiko antolatzaileek botako dute. Izan ere, hamar urte betetzen ditu aurten jaialdiak, Legorreta musikaren mapan kokatzen duen ekimenak. Suziria 18.30ean jaurtiko da eta Pikua, jaietako ikur ezaguna, Udaletxeko balkoian kokatuko da. Bertan mantenduko da jaiak amaitu arte.
Behin txupinazoa jaurtita, puxikak, goxokiak, litxarkeriak eta abar banatuko dirabertaratutakoen artean. Erraldoien eta buruhandien txanda izango da gero, eta bertso erronkarena jarraian. Iluntzean, lagunarteko afariak eta kalejirak girotuko dute Legorretako lehen jai gaua.
Azintzio Eguna
Ostegunean Azintzio Eguna ospatuko da, eta egitarau oparoa izango du: zumba herrikoia, euskal erromeria, soka-dantza Udaleko eta herriko eragileetako ordezkariekin, euskal dantzak, eta sagardo eta txorizo jatea. Iluntzean, batukada eta danborrada izango dira jai giroa borobiltzeko.
Ostiralean ere, egitarau bete-betea izango da. Goizean, haurrentzako puzgarriak izango dira herriko plazan, baita pote, igel eta toka txapelketak. Kalejira ez da faltako. Eguerdian, legorretarrak herri bazkarian elkartuko dira. Arratsaldean, haurren play back saioa egingo da, eta ondoren, helduek hartuko dute eszenatokia. Gauean, DJ Bull arduratuko da musika eta festa bermatzeaz.
Mozorro Eguna
Larunbatean, Mozorro Eguna ospatuko da, eta mozorroek festa giroari kolorea emango diote. Egunaren lehen zatian janariak eta edariak izango dute protagonismoa: txakolin dastaketa, paella txapelketa eta herri bazkaria antolatu dira. Arratsaldean eta gauean, musika izango da festaren gonbidatu nagusia. Oilar Beltzak, Tatxers eta DJ Fresa Morango taldeak igoko dira Legorretako eszenatokira.
Hurrengora arte
Igandea izango da jaiei agur esateko eguna. Goizean, erraldoi eta buruhandiak berriz aterako dira kalera, eta haurrentzako ikuskizun musikatua izango da herriko plazan. Arratsaldean, kirolak hartuko du lekukoa. Lehenik herriko haurren pilota-partida mistoak jokatuko dira, eta jarraian, elite mailako emakumezkoen eskuz binakako partida izango da ikusgai: Goiuri Zabaleta eta Arrate Bergara, Miren Larrarte eta Irati Zabala bikotearen aurka. Festetako azken ekitaldia, ohiko moduan, Pikuaren ehorzketa izango da, 20.30ean.