Hernaniko 38. Txalaparta Festa ospatuko da ostiral eta larunbatean, maiatzaren 23an eta 24an, Hernaniko Musika Eskolako txalapartariek antolatuta. Ostiralean kontzertua izango da Biteri kultur etxean eta larunbatean Iparragirre sagardotegia bihurtuko da festaren erdigunea. Aurten, Ximon Goikoetxea omentzeko baliatuko dute txalapartarien topaketa. Haren omenezko bideo-proiekzioa emango dute ekitaldi nagusian.

Ximon Goikoetxea gogoan

Iazko ekainean hil zen Erbetegi-Etxeberri baserrian jaiotako donostiarra. Aitor Beltran antolatzaileak dionez, “Hernaniko txalaparta festa guztietan izan ditugu partaide Goikoetxeatarrak”.

Txalaparta tradizio handiko familia izan da Goikoetxeatarrena. Ximon Goikoetxeak berak aitarekin eta osabarekin ikasi zuen txalaparta jotzen eta berak ere transmititu zion jakintza Haritz semeari. “Azken urteotan, Haritzek tradizioari heldu eta seme-alabekin ari da jotzen”, gaineratu du.

N.G. Hutsun taldeko txalapartariak

Doako ekitaldiak

Ostiralean, areto barruan, Artze izenburua duen ikuskizuna eskainiko dute Hutsun eta JEL Triok. Emanaldia 19.30ean hasiko da eta sarrera dohainik izango da. Larunbateko jaialdi nagusian, aldiz, txalapartari ugariren emanaldiak izango dira: Zuaznarbartarrak eta Goikoetxeatarrak; Esku-Txa; Malkoak TX; Talka; Kolpez Kolpe eta Ttakun Ttan Ttakun. Ekitaldiak 12.00etan hasiko dira, Iparragirre sagardotegiko ganbaran. Sarrera ere doakoa izango da.