Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumak Zestafesta diseinuko, ilustrazioko edo arte-zuzendaritzako profesionalei eta mundu bisualaren zaleei zuzendutako topaketaren bigarren edizioa hartuko du maiatzaren 31n. Aurten ere Udalaren babesa izan du ekitaldiak, baita EIDE, Euskal Diseinuaren Elkartearena ere.

Ortzi Alonso Kultura zinegotziak gogoratu duenez, ekitaldi honen helburua sormen-sektoreko pertsonentzako topaketa bat sortzea da. "Plazer bisualaz gozatuko dugu, hitzaldi eta tailer interesgarriak eskainiko dizkigute, eta aurrez aurre izango ditugu hainbat sortzaile zein euren lanak, online ikustera ohituta gaudenak".

Goizean bi tailer izango dira. Lehenengoa, KIT diseinu-plataformaren eskutik, David Galar eta Asier Leoz (THRU) izango ditu gidari, eta bertan ideia bat animazio bihurtzeko prozesua landuko da. Bigarren tailerra, berriz, Elsa Yranzoren eskutik etorriko da: 'The OCNIS Banquet'. Lantegi honek identifikatu gabeko objektu jangarriak berrasmatzera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak, kontsumoaren inguruko forma, kolore eta testurak esploratuz.

Bestalde, arratsaldeko 16.30ean hitzaldiak hasiko dira, sormenaren munduko izen garrantzitsuekin. Hala nola, Casa Bien, ongizatea ardatz duen branding agentzia; Rocío Egío, gastronomia-ilustratzailea eta sormen arloko enpresa-mentorea; eta THRU, mugimenduaren bidez marka identitatea islatzen duen motion design estudioa

Eguna borobiltzeko, TOPA! Kaipote ospakizuna egingo da Kai Berrian, DJ Jessinmagoren musikaz girotuta eta pintxopote berezi batekin. Lehenengo 100 sarrerak erosten dituztenek Jolaskiren katamaran berezi batean lekua izango dute, hitzaldi-gunetik TOPA! ospakizunera eramango dituena. Tailer eta hitzaldietarako sarrerak online daude eskuragarri.