Síguenos en redes sociales:

Usurbilen Txokoalde auzoko zubia ekainaren 2an itxiko da

Udalak ibilbide zirkular bat diseinatu du obrek iraun bitartean mugikortasuna ahalbidetzeko

Usurbilen Txokoalde auzoko zubia ekainaren 2an itxiko daN.G.

Ekainaren 2anitxiko dute UsurbilgoTxokoalde auzoko zubia eta obrek hainbat aldaketa eragingo dituzte auzotarren mugikortasunean, eta horiek hasi aurretik antolaketa lanetan aritu da Udala, bertakoen ekarpenen laguntzarekin. 

Izan ere, Altzonazko zubia da Txokoaldera sartu eta irteteko bide nagusia, eta hori ezin erabiltzeak nabarmen aldatuko du auzotarren mugikortasuna. Zubiaren obrek iraun beste mantenduko dira neurriok; Euskal Trenbide Sarearen (ETS) arabera, zazpi hilabete beharko dituztela aurreikusten dute.

Ibilbide zirkularreko mapa

Horretarako, Txokoaldera sartu eta irteteko ibilbide zirkularra ahalbidetuko da, zubiko obrak egin bitartean. Ibilbidea honakoa izango da ekainetik aurrera: Santuenetik San Estebango bidegurutzera igo, eta eskuinera hartu beharko da: erriberaren erdialdera jaitsi eta handik Txokoaldera joan ahal izango da. Txokoaldetik irteteko, berriz, Txokoargi ondotik gora igo beharko da San Estebanera, lehenengo, eta Santuenera jaitsi, gero. Ibilgailuen trafikoa erriberatik bideratuko denez, Berritza inguruko bidegurutzetik aurrera ez da oinezkoentzako biderik ahalbidetuko.

Segurtasunagatik, ibilbide zirkularra norabide bakarrekoa izango da, ia bere osotasunean, bide askotan ez baitago bi ibilgailu gurutzatzeko adinako lekurik. San Estebango bidegurutzean, bi aldeetara, lehenengo metroak izango dira salbuespena, bertako bizilagunen joan-etorria errazteko.

Bidez Bide eta taxi zerbitzuak

Ibilgailuen trafikoa berrantolatzearekin batera, Bidez Bide zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia egokituko ditu Udalak, eta taxi zerbitzua ere ezarriko da, aurrez zehaztutako ordutegi batekin.

Bidez Bide zerbitzuak bi aldaketa izango ditu. Batetik, ibilbidea egokituko da, eta, horrek, ezinbestean bigarren aldaketa eragingo du, alegia, ordutegiena. Udalak, horrez gain, taxi zerbitzua ere eskainiko du, ordutegi jakin batekin. Haurren eskoletarako joan-etorriak bi zerbitzu horien bidez bermatuko dira.

Usurbilgo Udalak jadanik neurri hauen berri eman die Txokoaldeko bizilagunei bilera baten bidez eta etxe guztietara bidalitako gutun batekin. Gainera, Bidez Bide eta taxi zerbitzuen ordutegiak jarriko dira geltokietan.

Hitzarmena

Zubia berritzeko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta ETSk, iaz, eta erakunde bakoitzak hartu beharreko konpromisoak zehaztu zituzten bertan. Alde batetik, Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko obren ardura ETS-rena da, osorik: bere gain hartu zuen proiektua idatzi, lizitatu zein gauzatzeko ardura. 

Finantzaketa osoa (1,4 milioi euro, BEZ barne) bere gain hartu zuen ere, balizko igoera ekonomikoei aurre egitea barne, 300.000 euro salbu. Horiek Udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta. Aginagako tuneleko obrek iraun bitartean ETS arduratuko da zubiaren mantenu osoaz; horiek amaitutakoan, Udalak hartuko du ardura hori.

ETSk trenaren maiztasuna bikoizteko tunela egingo du, baina, aurretik, Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotuko du. Egungo zutabeak mantendu, eta gainontzekoa erabat botako dute. 30cm igoko dute zubia, eta hiru mugikortasun motarentzako baliogarria izango da: oinezkoak, bizikletak eta ibilgailuak.