Dena prest Eibarren eta Elgoibarren San Isidro Eguna ospatzeko maiatzak 15ean
Meza, prozesioa eta herri kirolak izango dira Arraten eta elgoibartarrek hamaiketakoa izango dute udaletxeko arkupeetan meza ostean
Eibarko Arrate auzoak San Isidro eguna ospatuko du maiatzaren 15ean. Jaiaren hasiera, ohiturari eutsiz, 11.00etan izango da, meza nagusiarekin.
Bertan Oier Baltzola eta Unai Andonegi trikitilariak arituko dira, euren soinuen bidez giroa alaitzen. Meza ostean, prozesioa abiatuko da.
Herri kirolak
12.30ean, San Isidroetako XXI. Aizkolari Txapelketa jokatuko da. Aurten, ohiko binakako formatua alboratu eta buruz buruko lehiari ekingo diote.
Hodei Ezpeleta eta Xabier Zaldua izango dira aurrez aurre, egurra zatitzeko hainbat modalitatetan: kolpeka, abiadura probetan, zutikoan eta, amaitzeko, lan luzean.
Horrez gain, Ane Zestauk harriarekin egingo duen erakustaldiak ere indarra emango dio saioari. Herri kirolek, beraz, protagonismo osoa hartuko dute eguerdi partean.
Autobus zerbitzua
Jendeari erraztasunak emateko, aurten ere autobus zerbitzua jarriko dute. Irteerak 9.15ean eta 10.15ean izango dira Urkizuko Zubigain geltokitik eta autobusek Untzaganegingo dute geldialdia.
Bueltako autobusak, berriz, Arratetik jaitsiko dira 13.00etan eta 14.00etan.
San Isidro Eguna Elgoibarren
Elgoibarren ere, San Isidro egunari harrera egingo diote. Udalak bat egin du ospakizunekin, eta meza ostean —goizeko 11.00etan hasiko dena—, hamaiketako herrikoia eskainiko du udaletxeko arkupeetan.
Bertan bildutako herritarrek, otordu gozo batez gozatzeko aukera izango dute. “Egun berezi hau elkarrekin ospatzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak”, adierazi dute udal ordezkariek.