Mende laurdena beteko du aurten Legazpiko Bertso Olariak (LBO) bertso eskolak. Hori dela eta hamaika ekintza prestatu dituzte eskolako kideek.
Maiatzaren 24an egingo duten bazkaria izango da horien guztien artean bereziena, bertso eskolaren bueltako pertsona guztiak giro ederrean biltzea baita asmoa. Aitxuri jatetxean izango da otordua, 14.30ean, eta oraindik bada izena emateko modua. Horretarako, labur.eus/sqvpoxmg helbideko galdetegia bete behar da edo zuzenean Aitxuri jatetxera joan. Astelehenera arte eman ahal izango da izena. Bazkalostean, bertso jarriak, bat-batekoak, musika eta mikro irekia izango dira, nahi duen ororentzat. Eta Euskaraldiarekin bat egiteko aukera ere izango da.
Ez da hori Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolakoek antolatu duten ekintza bakarra. Otsailean, bertso afari arrakastatsua egin zuten Laubide jatetxean Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolariek. Apirilaren 30ean, berriz, Santikutz jaietako pregoia irakurri zuten eta suziria pizateko aukera izan zuten bertso eskolako kideek.
Hilaren 24ko bazkariaren ondoren ere hainbat ekitaldi izango dira. Ekainaren 1ean, esaterako, Maialen Lujanbio txapeldun handiaren RR_6 eRRe(AH)ala ikuskizuna izango da, Chillida Lantokian 18.00etan. Uztailaren 3an, Katxalin egunean parte hartuko dute bertso eskolako kideek. Uztailaren 10ean, 19.00etan, bertso poteoa izango da, Uztakale egitarauaren barnean, Ane Beloki, Maialen Akizu eta Haira Aizpurua bertsolariekin. Eta Agorreko Santikutzetan ere ohiko saioa izango da kale zaharrean: Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar bertsolariek kantatuko dute, irailaren 12an, 20.00etan.
Urriaren 19rako, igandea, ekitaldi oso berezia antolatu dute: Legazpiko musika banda eta Maddalen eta Amets Arzallus anai-arreba bertsolariak elkartuko dituzte Latxartegi aretoan. Bertsolariek bat-batean kantatuko dute bandaren erritmoan.
Emanaldi horretan Legazpiko Elustondo anai-arreba trikitilariek ere parte hartuko dute. Doako ekitaldia izango da, baina sarrerak aurrez banatuko dira kultur etxean.
Bertsolari jaialdia Azaroko Latxartegi aretoko ohiko emanaldiak ere ez du hutsik egingo. Aurtengo bertsolari jaialdian, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Maialen Lujanbioren errimak entzuteko aukera izango da. Azaroaren 14an izango da hi-tzordua.
Urte berezi hau behar bezala ospatzeko asmoa dutela adierazi dute bertso eskolako kideek. Hala, urtea amaitu aurretik bestelako sorpresatxoren bat ere izan litekeela nabarmendu dute.