Udalak Usurbilgo etxebizitzen diagnostikoa eta hiru urterako ekintza plana aurkeztu zizkien herritarrei joan den asteanTxirikordan. Bi dokumentuok osatzea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzari eskatu ahal izateko udalerri bat etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izenda dezala, eta, horien edukiak azaltzea zen bileraren helburua. Informazio eta datu andana jasotzen da bi dokumentuetan, eta Udalaren webgunean jarri dira eskuragarri, sakonago irakurri nahi dituztenentzat.
Ekintza planari dagokionez, helburua Usurbilen bizi diren pertsona guztien etxebizitza beharrei erantzutea da, pertsonen bizi-ziklo osoan zehar, gazteen lehen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza baliabideetara. Horretarako lau ardatz finkatu dira.
Etxebizitza eskuragarria
Lehenengoa, etxebizitza eskuragarria sustatzea da. Hau lortzeko, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) izaera babestuko etxebizitzak dira nagusi: 15 urterako perspektibarekin, antolatu diren 715 etxebizitzetatik %62 babestuak izango dira (%48 babes ofizialekoak, 340, eta %14 tasatuak, 102).
HAPOak, gainera, jarduketa programa du, eta lehenengo laurtekoak ekintza planaren indarraldiarekin bat egingo du: tarte horretan eraiki daitezkeen etxebizitzen erdiak babestutakoak izango dira, gehienak sustapen pribatukoak.
Horiek horrela, Udala bere jabetzakoak diren eremuen garapena lehenesten saiatuko da: Pikaola (Udala lurzoruaren %54aren jabe da) eta Agerreazpi. Etxebizitza horiek eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortzen saiatuko da, Pikaolan babes ofizialeko alokairuko 30 etxebizitza egiteko eta Agerreazpin, beste hainbeste zuzkidurazkoak.
Etxe hutsak mobilizatzen saiatzea izango da beste lan-ildo nagusia. Udalak etxebizitza hutsen erregistroa sortuko du eta etxejabeekin harremanetan jarriko da, merkatura ditzaten sustatzeko. Merkaturatzen ez direnei, etxebizitzen funtzio soziala betetzeko neurriak aplikatuko zaizkie, besteak beste, legeak ahalbidetzen duen kanona.
Hartuko den beste neurri nagusietako bat Etxebizitza bulegoa zabaltzearena izango da. Herritarrei informazioa eta aholkuak emateko tresna izango da: birgaitze-obrak egiteko, hobari eta kenkari fiskalen zein emantzipatzeko eta alokairua ordaintzeko dauden dirulaguntzen berri emateko, esaterako.
Beste ardatzak
Bigarren ardatza, eraikitako etxebizitzak birgaitzea da. Horretarako, hainbat neurri proposatzen dira: EIT-en diagnostikoa eta jarraipena egitea, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko dirulaguntzak ezartzea eta sustatzea eta birgaitzeak eta energia eraginkortasuna sustatzeko zerga pizgarriak eskaintzea.
Hirugarren puntua prestazio sistema, alokairurako laguntzak eta kolektibo zaurgarrienak babestea da. Ardatz honi dagokionez, hainbat neurri aurreikusi dira etxebizitza ordaintzen lagunduz kolektibo zaurgarrienak babesteko: dauden dirulaguntza eta prestazio ekonomikoen berri ematea (udalarenak zein Eusko Jaurlaritzarenak) eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko Gaztelagun eta Emantzipa programak sustatzea, besteak beste.
Azkenik, erakundeen arteko koordinazioa, herritarrak informatzea eta planaren jarraipena egitea jasotzen da.