Andoainen, bandera eta ezpatak dantzan
Larunbatean, Santa Krutz egunean, bandera arbolduko dute lehen aldiz
Larunbatean, Santa Krutz egunean, Andoaingojaietan, tradizio handia duten eta instituzionalak diren ekintzak burutuko dira: Banderaren jaitsiera, udal Korporazioa, eskopeteroak eta txistulariak lagunduta; Ezpata dantza; meza santua eta eskopeteroen emanaldia, besteak beste.
Aurten, ordea, emankizun hauek berrikuntzarako parada ere eskainiko dute. Bandera arboltzea edo bandera dantzatzea eskainiko dute lehen aldiz.
Urki dantza taldeak Santa Krutzeko Ezpata Dantza 2008an berreskuratu zuen, Ikerfolk elkarteko Juan Urbeltz eta Iñaki Arregi kideen laguntzarekin. “Berreskurapen bat baino gehiago proposamen bat izan zen; Santa Krutzeko festa edo erritua aberastea eskatu ziguten eta Ezpata dantzara jo genuen”, gogorazi du Arregik.
“Proposamen hau eskopeteroen aldetik, Juan Mari Irusta eskopeteroen arduradunaren aldetik, etorri zen. Mikel Arregi orduan zinegotzi zena proposamena helarazi zigun”, gaineratu du.
Erritual finkatuta
“Ezpata dantzak erritual protokolarioko formulak dira, Gipuzkoa osoan oso ezagunak ,eta modeloak oso ondo finkatuta zeuden beste hainbat lekutan eta hori bera Andoainera ekartzea pentsatu genuen”, azaldu du Ikerfolkeko kideak. Gainera, bere aburuz, zubia, ibaia eta Santa Krutz ermita oso testuinguru aproposa da horrelako zeremonia bat egiteko.
Ezpata dantza emanaldiaz gain, Udalak udaletxetik zubiraino segizio bat egiten du eta handik Andoaingo bandera ekartzen dute eta zubian ipintzen dute. Ezpata Dantzako Kofradiak harrera egiten dio Korporazioari eta Ezpata dantza ondoren, ermita inguruan Gipuzkoan ohikoak diren Brokel dantzako zikloko dantzak egiten dituzte.
Aurten berrikuntza da hau guztia banderaren arboltzearekin osatu dela. Hau zubian egingo dute: bandera-zainak egingo du lehenbiziko bandera dantzatze saioa eta ondoren dantzariak haren azpitik igaroko dira.
Ekintza ikusgarria izango dela espero du Arregik: “Polita izaten da bandera airean dantzan ikustea, eta haizearen fir-fir hotsa entzutea”.
Bandera berria
Erritu hau egiteko bandera berri bat sortu dute. Tamaina handiko bandera zuri batean Andoaingo armarria ezarri dute, konkretuki udaletxearen aurrealdean ikus daitekeena, eta Ezpata Dantzarien Kofradiaren ikur sinbolikoa ipini dute, bi ezpata txiki eta ezpata handi baten irudia.
Ezpata dantzan urte guztian zehar dantzan ibiltzen diren dantzariak eta ekitaldi honetarako apuntatzen direnak batzen dira. 30 bat dantzari ikus daitezke ibaiaren gainean, adin eta belaunaldi desberdinetakoak. Erritu honetan parte-hartzeko beti prest daude herritarrak.
Izan ere, Urki dantza taldetik aditzera eman dutenez, Andoainen dantzarekiko zaletasuna dago. Talde honek 37 urte bete ditu eta aurretik beste talde batzuk ere izan ziren. Gainera eskoletako ikasleetatik helduetarainoko taldeak dituzte.