Elgoibar ospakizun betean dago gaur, Kilometroak 2025 jaialdia ospatzen ari baita herriko kaleetan, milaka lagunen parte-hartzearekin.

"Salto-saltoka" lelopean, festa giro paregabea sortu da, eta nahiz eta eguna goizean euritsu hasi, eguraldiak ez du jendearen gogoa zapuztu.

Irekiera ofiziala

Goiz-goizetik kaleak jendez bete dira, eta Elgoibar Ikastolak antolatutako ekintzek herrian giro bero eta alai bat sortu dute.

Eguna txarangaren doinuekin hasi da, eta Elgoibarko Ikastolako ikasleek giroa alaitu dute lehen orduetatik.

Ondoren, irekiera ekitaldi ofiziala ospatu da Ikastolan bertan, eta horrekin batera, aurtengo Kilometroak jaialdia ofizialki abiatu da.

Bertan, hainbat ordezkarik parte hartu dute, eta urte osoan zehar egindako lana goraipatu da, kontuan hartuta aurtengo ekimenaren ardatz nagusiak: elkarlana eta euskararen erabileran jauzia egitea.

Kilometroen irekiera ofizialean, protagonista izan zen Errosario Ama Birjinaren soka-dantzako ezpatadantza Arnaitz Rubio

Euskera gehiago egin

Elgoibar Ikastolako lehendakari Olatz Astigarragak ekitaldia zabaldu du eta azpimarratu du Kilometroak ez dela egun bakarreko jaia, baizik eta urte osoan zehar elkarrekin egindako prozesua dela.

Bere hitzetan, “gure helburua da euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatzea, eta horretarako, elkarlana eta euskararen erabilera izan dira gure oinarriak. Ez dugu nahi bakarrik euskararen alde egotea, baizik eta jende gehiagok eta gehiagotan euskaraz egitea”.

Komunitatea

Ekitaldian Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak ere parte hartu du. Herri bizia, zaintzailea eta inklusiboa izateko komunitate sendoa behar dela dio, eta horretarako Kilometroak bezalako proiektuek duten garrantzia nabarmendu du.

Amaieran, Gazako egoera ere gogora ekari du eta herritarren elkartasuna aldarrikatu du.

Kalejira alai batekin eman zaio hasiera ofiziala egitarauari Arnaitz Rubio

Hezkuntza sistema indartu

Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak eskolaren papera azpimarratzen du euskararen biziberritzean, eta erakunde publikoek hezkuntza sistema indartzen jarraitu behar dutela esan du.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, berriz, sokaren irudia baliatu du komunitatearen balioa nabarmentzeko. “Guztiok desberdinak izan arren, komunitate bakarra gara, eta horri eutsi behar diogu. Komunitate sendoa izan dugulako gure herrian, gaur garena gara”.

Gaineratu du komunitate horri eusten jarraitu behar dela, “elkarlana, herri izaera eta gure hizkuntza propioa” oinarri hartuta. Amaitzeko, munduan gaizki pasatzen dauden haur eta gaztetxoak ekarri ditu gogora, Gaza eta Ukrainakoak nabarmenduz.

Hirugarren sarea

Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Aitor Elizaranek Palestinako haurrei zuzendu dizkie bere lehen hitzak.

Ondoren, gogoraratu du Kilometroak ez dela festa soil bat, baizik eta aldarrikapenerako espazio bat. “Sare publikoa eta itunpeko sarea ditugu, alde batetik. Baina Ikastolak hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara, eta hori da gaur aldarrikatzen duguna”.

Ilara handiak izan dira taloaren postuan egunean zehar. Aitor

Komunitate herrikoia

Ikastolen mugimendua 115 ikastola, 46.000 familia, 55.500 ikasle eta 3.700 irakasle eta langilez osatuta dagoela ere azpimarratu du.

“Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana eta elkartasuna dira gure ezaugarriak”.

Omenaldiak

Ekitaldi ofizialaren ostean, Elgoibar Ikastolak omenaldi hunkigarria egiten die Maritxu Loiolari eta Aspanogi elkarteari Aita Agirre eraikinean.

Maritxu Loiola, "Aubixako Maritxu", Ikastolaren sorreran eta euskararen alde egindako lanagatik omentzen da.

Aspanogi, berriz, haur minbizidunen alde egindako ibilbideagatik jasotzen du aitorpena.

DYAk eta Gurutze Gorriak ere jaso dute Elgoibarko Ikastolaren errekonozimendua urteetan zehar Kilometroei emandako laguntzagatik.

Maritxu Loiolak, Aspanogik, Gurutze Gorriak eta DYAk jaso dute Elgoibarko Ikastola eta Elgoibarko herriaren omenaldia. Arnaitz Rubio

Hurrengo zita, Lazkao

Elgoibar Ikastolako lehendakaria den Olatz Astigarragaren eskutik, Lazkaoko Ikastolako lehendakariak, Irantzu Amundarainek, hartu du Kilometroen lekukoa.

2026ko urriaren 4an Lazkaon ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen jai handia. 50. Kilometroak izango da. Irantzu Amundarainek gogora ekarri du 1977an lehen Kilometroen festa Lazkao-Beasainen izan zela eta 2026an Lazkaon ospatuko dela.

Magiak ere bere tokia izan du Elgoibarko Ikastolak prestatu duen egitarauan. Aitor

Jai giroa nagusi

Omenaldiaz aparte, jai giroa nagusitu egin da Elgoibarko kaleetan. Hainbat gunetan musika, tailerrak, dantzak, antzerkiak eta jolasak eskaintzen dira haur, gazte eta helduentzat. Eszenatokietan, Ene Kantak, Go!azen, Asgarth, Malko, Ehun Kilo edo Kittu! bezalako taldeek giroa berotu dute, euriaren mehatxuen gainetik.

Jangela erraldoiaere izan da Ikastolako frontoian, 450 lagunentzako tokiarekin, eta txosnak herriko hainbat gunetan banatuta daude.

1.100 boluntariok lan bikaina egiten ari dira eta haien ahaleginari esker, antolaketa zehatza eta eredugarria izaten ari da.