Síguenos en redes sociales:

Lasarte-Oria eta Urnieta Azkortera igoko dira asteburuan

Urnietarrek larunbatean egingo dute erromeria eta Lasarteoriatarrek, igandean

Lasarte-Oria eta Urnieta Azkortera igoko dira asteburuanN.G.

Urtero bezala, Urnietak eta Lasarte-Oriak Azkorteko erromeria ospatuko dute asteburu honetan. Urnietarrek larunbatean ipini dute hitzordua, aldiz, lasarteoriatarrek igandean egingo dute festa.

Urnieta

Urnietako Udalak adierazi duenez, Santa Kruz erromeria ospatuko da maiatzaren 3an Ergoien auzoko Azkorteko ermitan eta hainbat ekintza antolatu dira egun horri begira.

11.30ean meza izango da. Mokadua hartu bitartean, Angel Larrañaga eta Aratz Igartzabal bertsolariak arituko dira. Amaitzeko, erromeria hasiko da Komerik herriko taldearen eskutik.

Gogorazi dutenez, Azkorterako errepidea moztuta egongo da goizean zehar, baina bertaratu nahi duen ororentzat doako autobus zerbitzua egongo da Pintore kaletik 10.00etatik 14.00etara bitartean. Autobusak behar beste joan-etorri egingo ditu. Azken igoera 12.15ean izango da.

Lasarte-Oria

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak urtero bezala, Azkorteko erromeria prestatu dute hilaren 4rako, iganderako. 10.30etik bazkalordura arteko egitaraua izango da

"Mendi buelta ederra egiteko eta goiz paregabe bat pasatzeko asmoz, Azkorteko erromeriara gerturatzeko gonbita egiten diegu herritarrei", animatu dute Ttakunetik.

Lasarte-Oriak prestatutako egitaraua

Tradizioa ez galtzeko, lehen orduan 11.00etan ohiko elizkizuna ospatuko da ermitan Alboka abesbatzako kideekin. Ondoren 12.15etik aurrera herri kirolen erakustaldia eta erromeria izango dira jardueraren ardatzak. Bitartean, ermitara bertaratzen direnek goxo jan eta edateko aukera izango dute arkupeetan jarriko den tabernatxoan, edariez gain ez dira faltako haragi egosia, txorizoa eta odolkia.