Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira (apirilak 23), Markos Zapiain (Irun, 61) euskal idazle eta filosofoak 'Txillardegi hizkuntzalari' lana aurkeztuko du astearte honetan Oñatiko kultur etxean, Santa Marina plazan. 19.00etan hasiko da. Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren bizitzaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute entzuleek udal liburutegiak antolatu duen ekitaldi honetan.

Liburuaren sinopsiak dioenez, "Txillardegiren bizitzak euskara izan zuen ardatz, baina, aldi berean, inoiz ez zion utzi edozein hizkuntzaren ezaugarri unibertsalei buruz" pentsatzeari: "Politikariaren irudiak maiz gainontzeko alderdiak estali arren, bokazioz hizkuntzalari genuen Txillardegi beste edozeren gainetik, eta hizkuntzarekin loturiko ezer ez zitzaion arrotz".

Udal liburutegiak Markos Zapiain gonbidatu du, Liburuaren Eguneko ekitaldien barruan. Oñatiko Udal Liburutegia.

Ametsa, eromena, mitoa...

Lehendabiziko atalak, horrenbestez, Txillardegiren alde "ezezagun" hori erakustea du helburu, "giza izatea zeharkatzen duen ororen izaera linguistikoaz gogoetan, dela ametsa, eromena, mitoa, inkontzientea edo kode genetikoa, XX. mendeko pentsalari gailenen eskutik: Saussure linguista, Levi-Strauss antropologoa, Lacan psikoanalista...".

Bigarren atalean, beste alde batetik, "euskararen problematika berezia" nabarmentzen du egileak, "euskara salbatzeko" Txillardegik proposatzen dituen bideak: "Besteak beste, euskaltzaleak elebakar aritzea erdaldunekiko harremanetan ere, eta euskararen zerbitzura jardungo duen euskal estatu bat sortzea, XXI. mendean desagertuko diren 3.000 hizkuntzetako bat izango ez bada".