Lau lagunen ekimen xume gisa sortu zen Urola Erdian Marea Urdina 2018. urtean, autismoa duten pertsonen aldeko sentsibilizazioa bultzatu nahian.

Egitasmoa martxan jartzearen hasierako beldurrak eta dudak laster uxatu zituzten, eta Urola Erdiak erakutsi zuen babesak zeresan handia izan zuen.

Gizartearen aldetik jaso genuen babes zabalak agerian utzi zuen gure bailara prest dagoela behar bereziak dituzten herritarren aurrean pauso gehiago emateko”, adierazi zuten Marea Urdineko kideek.

Elkarte izaera

2024ko udan, Marea Urdinak elkarte izaera hartu zuen, egitura sendoagoa sortuz inklusioaren aldeko lanari jarraipena emateko.

Taldeko kideen esanetan, helburua argia da: inklusioa gizarteko arlo guztietan. “Inklusioa ez da bakarrik eskolan ematen; gure ustez, kirolean, kulturan eta aisialdian ere gertatu behar du, eta helburu horrekin, udalarekin, kirol elkarteekin, musika eskolarekin eta herrian sortzen diren ekimen ororekin bat egitea da gure nahia”.

Dibertsitate funtzionala

Hasieran autismoaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea zen taldearen helburua. Gaur egun, aniztasun funtzionala duten pertsonekin bizi diren 25 familiak osatzen dute elkartea (Down-en sindromea, garun-paralisia, brakial-paralisia, autismoa,...).

“Hasieran autismoan zentratu ginen, baina laster konturatu ginen antzeko premiak zituzten beste familia batzuk zeudela, eta aniztasun funtzional guztiei atea irekitzea erabaki genuen”.

Kolore urdina

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioaren garrantziari buruz gizartea sentsibilizatzeko helburuak, elkarteko kideei ekitaldi ugari antolatzera eraman ditu.

Marea Urdinaren kolore urdina duten banderak eskualdeko balkoi eta leihoak apaindu dituzte sarritan taldeak bere ibilbidea hasi zuenetik, herritarren elkartasuna adieraziz.

Ekintza ugari antolatu ditu Marea Urdinak inklusioaren aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko sortu zenetik OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Sentsibilizazio ekintzak

Urdina izan da protagonista ere urte hauetan antolatu dituzten topaketa jendetsuetan.

Horien artean dago 2023an Azpeitian ospatu zen Urdinduz Eguna. Ez da falta izan ere urdin kolorea Izarraitz Igeriketa Taldearekin batera antolatzen duen igeriketa egokitutako lehiaketetan edo Trail Martxa Urdinean, Marea Urdinak inklusioaren alde martxan jarri dituen beste ekintzen artean.

Aisialdia

Dibertsitate funtzionala duten haurren aisialdia eta denbora librea dira Marea Urdinaren kezka nagusietakoak.

“Eskola-ingurunean babestuta daude ikastetxeek inklusioaren alde egiten duten apustuagatik, baina egoera hori aldatu egiten da behin adin batera iristen direnean edo, eskola-adinean egonda, eskola-ordutegia amaitzen denean. Gabeziak antzeman genituen dibertsitate funtzionala duten umeen eta gazteen denbora librean, eta horiei erantzuten saiatu gara kirol egokituko eta aisialdi inklusiboko programak bultzatuz eta eremu horretan prestakuntza-topaketak antolatuz, aisialdi osoagoa izateko aukera izan dezaten”.

Lan arlo ezberdinak

Hezkuntzaren esparruan ere lan egiten du Marea Urdinak, bereziki txikienei zuzendutako sentsibilizazio ekimenekin. “Txikitatik egin beharreko lana da, haiek baitira etorkizuneko gizartea eraikiko dutenak. Enpatia, errespetua eta elkarbizitza haurtzarotik ikasten dira”, diote.

Heziketaren arloan ere lanean ari dira. Marea Urdinak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako lanbide heziketa eskaintza bultzatu nahi du eskualdean, lan-merkatuan sartzea errazteko.

Apirilaren hasieran antolatu zen III. Martxa Trail Urdinaren partaideak Aitor

Irisgarritasuna

Bestalde, hainbat proiektu aurkeztu dituzte udaletxeetan irisgarritasun unibertsala sustatzeko.

“Hainbat oztopo arkitektoniko daude, baina baita sentzumenezkoak eta kognitiboak ere. Aurrerapausoak eman ditugu baina aurretik dugun egiteko bidea luzea da oraindik”.

Elkartasuna eta babesa

Eman diren aurrerapusoak ezinezkoak izango ziren Marea Urdinak jaso duen babesarik gabe.

Marea Urdinak eskualdean izan duen harrera pozgarria izan da elkarteko kideentzat.

“Leku askotatik jasotzen ditugu laguntzak eta lankidetza-proposamenak. Eskertzekoa da, herritarrengandik ez ezik, erakundeengandik ere jaso dugun babesa. Hasieratik kontuan hartu gaituzte proiektuak martxan jartzeko. Denak boluntarioak gara eta babes horrek lanean jarraitzeko animoa ematen digu”.

Inklusioaren aldeko olatua

Marea Urdinako kideek adierazten dutenez, martxan jarri zuten egitasmoa inklusioaren aldeko olatu handi bat da, milaka tanta txikik elikatzen dutena.

“Keinu bakoitzak, lankidetza bakoitzak, partekatutako ideia bakoitzak aurrera egiten laguntzen digu. Elkarte txikia gara, baina erronka erraldoia dugu: gizarte bidezkoago, irekiago eta inklusiboago bat eraikitzea”.