Olaia Esnaola (Azpeitia, 17 urte) harri-jasotzaile gaztea da. Bere lehen asmoa aizkolaria izatea izan zen, baina aitaren aholkuek ideia hori alde batera uztera eta harri-jasotzearen alde egitera eraman zuten. Azken hiru urteetan, diziplina horretan murgilduta dabil buru-belarri, eta poliki-poliki bere helburuak betetzen ari da. Plazaz plaza, emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa den kirol gogor honetan, bere lekua egiten ari da Olaia, ausardiaz eta determinazioz.

Nola hasi zinen harria jasotzen?

Hasiera batean, aizkoran aritzea nahi nuela esan nion aitari, baina azkenean harri-jasotzean hasi nintzen. Erakustaldiekin hasi nintzen, txapelketetan sartu aurretik. Lehenengo emanaldia Zumarragan izan zen, eta gogoan dut oso urduri nengoela.

Lagunen erreakzioa

Nolakoak izan ziren zure lehen entrenamenduak?

Zilindro formako 50 kiloko harriarekin hasi nintzen entrenatzen. Teknika lantzen hasi ginen pixkanaka, eta orain arte horretan jarraitzen dut. Lehen erakustaldia egin ondoren, entrenamenduak serioago hartzen hasi ginen.

Lagunen erreakzioa nolakoa izan zen?

Egia esan, hasieran harrituta geratu ziren, baina gero ondo hartu dute. Egia da ere kanpotik denetarik entzun dudala: “Nola hasiko zara harriak jasotzen, neska izanda?”, “Ez dira neska asko ikusten harri-jasotzen”, “Ez duzu minik hartzen?”, “Gorputzak ordaindu beharko du gero…”. Baina nik argi nuen zer nahi nuen.

Astean bi egunetan krossfit egiten dut fondo fisikoa irabazteko eta beste bi harriekin entrenatzen dut

Krossfita fondoa hartzeko

— Harri-jasotzeaz gain, beste kirolik egiten duzu?

Bai, krossfita ere egiten dut. Hasieran, fondo fisikoa hartzeko hasi nintzen, eta astean bi egun krossfit egitera joaten naiz, eta beste bi egunetan harriak jasotzera.

Zein izan dira orain arteko zure markarik esanguratsuenak?

Nire lehenengo erakustaldia 2023ko apirilaren 18an izan zen, Zumarragan. Landetan, 2023ko abenduaren 3an, 100 kiloko zilindroa jaso nuen hiru aldiz, baina proba horretan ez zegoen denbora-mugarik. Gero, 125 kiloko harri errektangularra jaso nuen Asteasun, abenduaren 31n. Hiru minututan, bi jasoaldi egin nituen; hirugarrena ere lortu nuen, baina denboraz kanpo. 2023an ere, Euskal Herriko kintopeko txapela lortu nuen Gernikan,, hiru minutuko txandetan 50 kiloko zilindroa 37 aldiz eta kubikoa 24 aldiz altxatuta.

Entrenamendua

Nola entrenatzen zara?

Orion entrenatzen dut Ostolazarekin, astelehenetan eta ostegunetan, 18.30etik 19.00etara arte. Bizikletan berotzen gara, estiramenduak egiten ditugu, eta gero harriak jasotzen ditugu. Txapelketarik badugu, txapelketako harriak erabiltzen ditugu. Lehiaketaren arabera, minutu eta erdiko edo hiru minutuko lanak prestatzen ditugu.

Nolakoa da erakustaldi batean parte hartzea? Eta txapelketan?

Erakustaldiak entrenamendu moduan hartzen ditut. Orain jada ez naiz batere urduri jartzen erakustaldietan. Helburua izaten da saio polita egitea, eta jasoaldi guztiak txukun ematea. Txapelketan, berriz, ezberdina izaten da: txapelketa da, eta daukagun guztia ematera joaten gara. Eta, noski, nerbioak ez dira falta. Bereziki, zozketaren momentua izaten da urduri jartzen nauena. Ez da berdin lehena izatea edo bosgarrena. Normalean, etxean prestatutako zenbakiarekin joaten gara, eta gero, hoberen bat egin behar baduzu, bat gehiago egitea hobe da bi baino. Baina hori jakiteko, ez zaizu komeni lehiaketan lehena izatea.

Harriarekin lehian

Zer sentitzen duzu harriaren aurrean jartzen zaren une horretan? Lehiaketan, aurkari modura begiratzen diozu?

Ez dut harria kontrario moduan ikusten. Hori bai, argi daukat ez didala lagunduko, eta niri tokatuko zaidala lana ahal dudan ondoen egitea.

Nolako harriak erabiltzen dituzue? Baduzu gustukoenik?

Pisuz ezberdineko harriak erabiltzen ditugu: 50, 100 edo 110 kilokoak. Nire harririk gustukoena 75 kiloko kubikoa da, nahiz eta zailena izan eta oso exijentea gorputzarentzat, batez ere gerriarentzat. Horregatik, hilean behin masajistara joaten naiz, lesiorik ez badut ere, prebentzio modura.

Hiru zifratako harria jasotzea zen nire ametsa, eta duela bi urte 125 kiloko harria jasotzea lortu nuen

Erronkak

Zein dira zure helburuak aurrera begira?

Orain arteko markak hor geratu dira. Ez dut helburu zehatzik momentuz, baina agian etorkizunean beste erronka batzuk jarriko dizkiot neure buruari. Hasieran, hiru zifratako harria jasotzea zen nire ametsa, eta duela bi urte 125 kiloko harria jasotzea lortu nuen.

Nola ikusten duzu emakumeen presentzia harri-jasotzean?

Orain dela bost bat urte apenas zeuden neskak. Orain, gero eta gehiago ari dira hasten, gehienak krossfitetik etorrita.

'Harri eta Herri'

EITBko ‘Harri Herri’ saioan ere parte hartu duzu. Nolakoa izan da esperientzia hori zuretzat?

Hiru urte dira programa emititzen hasi zela, eta helburua emakumeen presentzia azpimarratzea da. Hiru urtetan parte hartu dut, baina oraindik ez naiz finalera iritsi. Ea datorren urtean finalera heldu eta nire burua bertan ikusten dudan.

Azkenik, jakin dezakegu ‘Harri Herri’ irabazi duen taldearen izena?

Finala jokatuta dago, baina ezin dut ezer aurreratu. Banituen faboritoak, eta eurak irabazi dute; apirilaren 27ko programa ikusi beharko duzue lehiaketa nork irabazi duen jakiteko!