Zumardikoak eta Lagun Artean elkarteek Hondarribiko Muxiko Egunaren seigarren edizioa antolatu dute datorren iganderako, apirilaren 13rako.

Ortzi Alonso Kultura zinegotziaren hitzetan, “iaz benetan ikusgarria izan zen hainbeste jende kalean dantzan ikustea, eta oso ederra da Euskal Herriko hainbat herritako lagun eta dantza elkarteak Hondarribian elkartzea”.

Zumardikoak elkarteko ordezkariak eskerrak eman dizkio bai Udalari, bai Lagun Artean elkarteari, azken honek “egindako lan guztiagatik”. Halaber, herritarrak parte hartzera animatu dituzte, izan ere, “oso giro ona” sortzen baita.

Egun osoko egitaraua

Egitarauari dagokionez, eguna 11.15ean hasiko da Damarri plazan, aurkezpen dantza batekin. Hiru suziri jaurti ostean, parte-hartzaileak Kale Nagusitik Arma Plazaraino abiatuko dira, hiru trikitilari talderen animazioarekin: Auntza Trikitixa Eskola, Maltzeta Taldea eta Oinkada.

Santa Maria Atea igaro eta berehala, Hondarribiko Erraldoiak batuko dira desfileari. Gainera, txalaparta emanaldiak izango dira bai Udaletxean, baita Arma Plazan ere.

12.00etan, Oinkada taldea muxikoak eta beste dantza batzuk jotzen eta abesten hasiko da, 13:15ak arte. Ordu horretan, Erraldoiek erakustaldia eskainiko dute, eta ondoren, parte-hartzaileak haiekin eta trikitilari taldeekin batera abiatuko dira San Pedro kaleraino, non poteoa egingo den.

Bazkaria Hondartza kiroldegian

14.00etan, Hondartza kiroldegira joango dira, eta han taldeko argazkia aterako dute eta bazkaria egingo dute, Sarayola Catering-en eskutik. Guztira, 367 lagunek hartuko dute parte.

Bazkalondoa Oinkadak girotuko du, musika, dantzaldi eta kantu herrikoiekin. Azkenik, arratsaldean, Iparraldeko Holako taldeak hainbat dantza joko eta abestuko ditu kiroldegiko pistan, 19:30ak arte.

Eguraldi txarra egingo balu, goizeko jarduera guztiak Soroeta pilotalekuan egingo lirateke.

Parte-hartze irekia

Lagun Artean elkarteko Izaskun Muñoak nabarmendu duenez, urtez urte gero eta jende gehiago etortzen da Euskal Herriko hainbat herritatik. “Lizarra, Iruña, Tafalla, Zizur, Lesaka, Bera, Etxalar, Asteasu, Hernani, Eibar, Sopela, Zaldibar, Bilbo, Urretxu, Azpeitia, Errenteria, Lezo, Donostia, Pasaia, Agurain, Gasteiz, Miarritz, Urrugne eta beste leku askotatik datoz”, azaldu du.

Halaber, adierazi duenez, “aurten jatetxeko aforoa oso goiz bete da”, baina edonor gonbidatuta dago bai desfilean eta goizeko ekitaldietan parte hartzera, baita arratsaldean kiroldegiko pistan dantzatzera ere.