Azpeitian abizenak euskaraz jartzeko deia egin dute hainbat eragilek, Abizenak ere euskaraz kanpainaren bidez.
Ekimenak UEMA, Azpeitiko Udala, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi Ikastetxea, Urola Ikastola, Uztaro haurreskola, Udal Euskaltegia eta Zaparraie taldea ditu bidelagun.
Erdal grafia
Azpeitian eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan milaka herritarrek dituzte abizenak erdal grafian: Echeverria, Aramburu, Aguirre edo Otaegui bezalakoak oraindik gaztelaniaz ageri dira agiri ofizialetan.
Kanpainaren bidez, herritarrei gogorarazi nahi zaie abizen horiek euskal grafiara aldatzea prozedura administratibo erraza dela eta, gainera, sinbolikoki oso esanguratsua.
Euskara baztertuta
UEMAren arabera, euskal abizen asko belaunaldiz belaunaldi gaztelaniazko grafiaz transmititu dira, historian zehar euskarak jasandako jazarpenaren ondorioz.
“Euskara ez ezik, izenarekin batera izana ere ukatu zitzaien euskaldunei”, adierazi zuten.
Ekimen sinbolikoa eta praktikoa
Kanpainaren sustatzaileentzat, abizena euskaraz jartzea “euskarari dagokiona itzultzeko modua” da, eta euskara berreskuratzeko ekintza sinboliko eta praktikoa.
Kanpainak bereziki interpelatzen ditu guraso izateko bidean daudenak edo 18 urtez azpiko seme-alabak dituztenak. Izan ere, helduek abizena euskaraz jartzen badute, haien seme-alabei automatikoki euskaraz erregistratuko zaie. Horregatik, hezkuntza komunitatearen parte-hartzea funtsezkoa izan da kanpainan.
Zalantzak argitzen
Ekimenaren bultzatzaileek abizenak euskalduntzerakoan prozeduran sor daitezkeen dudak argitu ditutzte. Hasteko, abizena aldatzea ez dela automatikoki onartzen esan zuten.
“Prozesu horretan epailearen irizpidea da nagusi, eta Euskaltzaindiaren Deitura-Izendegia orientazio gisa hartzen da. Azken erabakia Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak hartzen du”.
Aldaketaren aplikazioa
Abizena aldatzen bada, aldaketa automatikoki aplikatzen zaie seme-alaba adingabeei. Adin nagusikoek, berriz, beren kabuz eskatu behar dute aldaketa, nahiz eta prozesu osoa berriro egin beharrik ez duten.
Abizena aldatzean, epaitegiak automatikoki helarazten die informazioa hainbat erakunderi (udala, Polizia, hauteskunde zentsua...). Hala ere, NAN berritzeko, interesdunak jaiotza-agiria eskatu behar du eta argitu NANerako dela.
Agirien egokitzapena
Aurreko grafiarekin egindako agirien kasuetan aldaketa jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietan automatikoki jasotzen da.
Beste agirietan, hala nola ikasketen tituluetan, pertsonak erabaki behar du aldaketa egitea komeni den ala ez, baina gomendagarria da abizen berria agiri gehienetan azaltzea.
Erdal abizenak euskaratzea
Euskal Herrian errotuta dauden abizen gaztelarrak ere euskal abizenatzat har daitezke. Hori dela eta, posible da grafia euskaldundua eskatzea, nahiz eta azken hitza epailearena izan.
Hala ere, abizen-aldaketari buruzko zalantzak argitzeko, Euskaltzaindiari galdetzea edo epaitegian informazioa eskatzea gomendatzen da. Izapidea pertsonala eta formala denez, ondo informatuta egotea funtsezkoa da.
Behar diren agiriak
Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, erraza da horiek aldatzeko prozesua. Epategian egin daiteke, zenbait agiri aurkeztuta.
Honako hauek dira behar diren agiriak: Nortasun Agiriaren fotokopia (NAN); Jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatu behar da. Online egin daiteke hemen klik eginda); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da, baita online ere. (BAKQ edo beste ziurtagiri digitalen bat behar da online deskargatzeko); familia liburua, ezkonduta dauden edo seme-alabak dituzten herritarren kasuan (2021 artean soilik egin dira familia liburuak. Halakorik ez duten familiek ez dute eraman beharrik). Aurrez txanda hartu behar da, erregistro zibilen aurretiko hitzordu zerbitzuan. (ziurtagiri digitalik gabe).