Mendarok bertsolaritzaren aldeko apustua berritu du
Adin guztietako bertsolariek parte hartu ahal izango dute bertso idatzien IV. Txirristaka Lehiaketan
Mendaroko In Leike Elkarteak eta Mendaroko Udalak elkarlanean IV. Txirristaka Bertsopaper Saria antolatu dute, bertsolaritzaren eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin.
Lehiaketa honek hiru kategoria izango ditu, eta parte-hartzaileek gaia librean landu ahal izango dute. Bertsoak euskaraz eta neurri zein doinu librean idatzi beharko dira.
Hiru kategoria
A kategorian, 2011n edo ondoren jaiotakok parte hartu ahal izango dute. Debabarrena eskualdekoak izan beharko dute, eta gutxienez bi bertso eta gehienez lau aurkeztu behar dira.
B kategoria, berriz, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat da (biak barne). Kategoria honetan Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute.
Parte-hartzaileek lau eta zortzi bertso artean aurkeztu beharko dituzte. Iazko edizioan ez zen lanik jaso kategoria honetan, eta aurten 15-18 urte bitarteko gazteak parte hartzera animatu nahi dira bereziki.
Azkenik, C kategoria 2006an edo lehenago jaiotakoentzat da. Bertso jarriek batasuna izan behar dute, eta parte-hartzaileek 8-12 bertso aurkeztu beharko dituzte. Kategoria honetan ere Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute.
Sariak eta izena emateko epea
Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira: A kategoria, 100 eta 50 euroko kultura bonuak; B kategoria, 200 eta 150 euroko sariak, eta C kategoria, 1.000 eta 500 euroko sariak.
Lehiaketarako lanak 2025eko martxoaren 31tik maiatzaren 30era aurkeztu ahal izango dira.
Mendaroko Udalak eta In Leike Elkarteak bertsozaletasuna sustatzeko konpromisoa berresten dute, eta gazte zein helduak parte hartzera animatzen dituzte. Informazio gehiago jasotzeko, interesdunek Mendaroko Udalarekin harremanetan jar daitezke.
Gelatik plazara
Mendaroko Bertso-eskolako talde bat Gelatik Plazara sariketako finalerako sailkatu da Alegian jokatutako kanporaketetako batean.
Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna ospatu zuten igandean Alegian, eta bertan, Lehen Hezkuntza eta DBHko 150 bat ikasle bildu ziren.
Finala Azpeitian
Finalera sailkatzea lortu duen Mendaroko taldeko kideak honako hauek izan dira: Lizar Ezenarro, Axular Larrañaga eta Luken Zulaika.
Final handia ostiralean izango da Azpeitian, Dinamoa espazioan, eta sei taldek neurtuko dituzte indarrak: Orereta, Azpeitia, Azkoitia, Alegia, Zumaia eta Mendaro.
Elgoibartarrak kanpo
Elgoibarko bertsolari gazteak ere izan ziren Alegian. LHkoen bi finaletako batean, Oihane Meabebasterretxeak, Naia Eizagirrek, Sare Rubiok eta Nora Garatek etxean prestatutako agurraz gain, bat-bateko hainbat ariketa egin behar izan zituzten. Lan ona egin zuten, baina finalera sailkatu zena Oiartzungo taldea izan zen.
DBHkoen kanporaketan, Martin Serranok, June Langarak eta Unax Arzamendik osatutako taldea lehiatu zen (Mikel Zubiaurre, taldeko laugarren kidea, ezin izan zuen parte hartu), baina ez zuten lortu finalerako sailkatzea.
Ekimenaren helburuak
Gelatik Plazara sariketa 14 urtez azpiko bertso-eskoletako ikasleei bideratuta dagoen ekimena da, eta bere hiru helburu nagusiak dira: ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea; jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzea, eta eskolarteko txapelketarako zubi lana egitea.